neopositibismo
iz. Fil. Vienako Taldearen inguruan eraturiko filosofia higikundea. Enpirismo logiko edo positibismo logiko izenaz ere ezagutzen da. Filosofia joera honen helburua ezagutzaren analisia da; metodo nagusia hizkuntzaren analisia da, analisi logikoa bereziki. Esperientzia egiazko ezagutza ororen iturritzat hartzen zuen enpirismo klasikoan oinarriturik. Hala, filosofia neopositibistaren ezaugarri nabarmenena metafisikaren ukoa da: metafisikaren enuntziatuek ez dute zentzurik egiazta ezinak direlako; ez dago irizpide objektiborik absolutu edo transzendentzia gisako hitzen erabilera zehazten duenik. v Higikunde honen aitzindariak enpirismoa (Hume), positibismoa (Mill) eta enpiriokritizismoa (Mach) dira. Filosofia joera berria Moritz Schlick Vienako katedradunaren inguruan eraturiko taldeak sortu eta egituratu zuen: Neurath, Frank, Gödel, Carnap, etab. Hans Reichenbach-ekin batera, 1929. urtean, Vienako Taldea deiturikoak neopositibismoaren funtsezko puntuak definitu zituen. Nolanahi ere, Frege, Peano, Russell eta Whitehead-ek matematika eta logika moldatzen eginiko lanak ezinbesteko abiagunea izan ziren neopositibismoarentzat. Bestalde, Vienako Taldetik at, ildo bertsuko pentsabidea agertu duten beste batzuen filosofia neopositibismoaren barne sailkatu ohi da, hala nola B. Russell, L. Wittgenstein, A. Ayer, W. O. Quine, E. Nagel eta beste batzuena. Alemaniako nazionalsozialismoak Vienako Taldea desegin zuen eta haren kideek alde egin behar izan zuten. Gehienbat Estatu Batuetara erbesteraturik, higikunde gisa desagertu zen eta neopositibismoa beste zenbait higikunderen osagai gertatu zen (filosofia analitikoa, zientziaren filosofia). Aldi berean, aurreko ideiak zehaztuz, eta hasierako erradikalismoa alde batera utzi zuten.
- Neolitoa
- neologismo
- neomizina
- neoplasia
- neoplatonismo
- neopositibismo
- neopreno
- neornite
- neosilikato
- neotenia
- neozoiko