neoplatonismo
iz. Fil. Platonen filosofia sistema jarraitzen duten hainbat aro eta eskolaren izena. v Neoplatonismo helenistikoa. Ammonio Saccas-engandik (K.o. II. mendea) Proklo-renganaino (V. mendea) iritsi zen neoplatonismo helenistikoa; pentsalari nabarmenena Plotino izan zen (III. mendea). Alexandrian sortua izanik, handik Erromara, Siriara eta Atenasera hedatu zen. Platonen izpirituari jarraituz, neoplatonismoaren arabera, gauza guztien lehen printzipioari Bata deritza, ezin esanezkoa, ulertezina eta estasiaren bidez baizik ezin atzeman daitekeena. Harengandik datoz gainerako errealitate guztiak: Logos edo Adimena lehenik, ideia guztiak biltzen dituena; adimenak Arima sortzen du, mugimenduaren eta materiaren printzipioa. Sortua den giza arima gauza ororen sorrera den Bata-rengana itzultzen ahalegintzen dira. v Neoplatonismo kristaua. Horrela deitzen da XII. mendea arte dotrina filosofiko horren ageriko eragina duen kristau filosofia. Erdi Aroko pentsamenduaren osagai neoplatonikoak San Agustinengandik, arabiarrengandik edo zuzenean filosofia neoplatonistatik hartuak bide dira. Akinoko Santo Tomas, Boezio eta Hegelen filosofiak, besteak beste, ageri dute neoplatonismoaren eragina.