Muñoz Otaegi, Joxean
Gipuzkoar idazle, gidoilari eta zinemagilea (Donostia, 1957). Arte Garaikidearen Historian lizentziaduna da. 2006an Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko zuzendari izendatu zuten. Bi poema liburu argitaratuz eman zituen lehen urratsak literaturaren munduan: Parentesiak (etabar) (1984), eta Begien bizkar (1992). 1997an Urgulleko arima herratua kontakizuna idatzi zuen, Inazio Mujika Iraolarekin elkarlanean. Handik aurrera haur eta gazte literatura landu du gehienbat: Zubiko zirkoa (1997), Akeita gol (2001), Balearekin kantuan (2001), Dimitri eta itsas txakurrak (2001), Dimitri eta sorgina (2001), Perla zuria (2002) eta Urrezko zuhaitza (2002). Ikus-entzunezkoen alorrean, berriz, Tortolika eta Tronbon eta Karramarro uhartea animaziozko filmen idazketan eta zuzendaritzan parte hartu zuen, Txabi Basterretxearekin elkarlanean. Karramarro uhartea-k animaziozko film onenaren Goya saria jaso zuen 2001ean. Egun, Donostiako Tabakalerako (Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko) zuzendaria da.