Muñoz, Lucio
Espainiar margolaria (Madril, 1929 - Madril, 1998). Madrilgo San Fernando eskolan ikasi zuen. Ikasketak amaitu zituenean madrildar errealistekin izan zuen harremana, Antonio López, López Hernández anaiak eta emazte izango zuen Amalia Aviarekin. 1956an Frantziako gobernuak beka bat eman zion eta Art Autre higikundea eta Tàpiesen eta Dubuffeten lana ezagutu ahal izan zituen. 1950eko hamarraldian Muñozen lana informalismoaren baitakoa zen, baina Espainiara itzuli zenean abstrakziorantz egin zuen. Ondoren, era guztietako materialak erabiltzen hasi zen Muñoz, paper erreak, zura, etab. Euskarria garrantzi handikoa izan zen Muñozen lanean, izan ere, gainean zuloak, urradurak, eta abar egiten baizituen. Bere lanak, bestalde, koloretsuak dira, nahiz eta beltza den nagusi. Grabatuak ere egin zituen. Muñozen lanak New Yorkeko Guggenheim Museoan edora Arte Modernokoan ikus daitezke. 1962an Oñatiko Arantzazu basilikako absidea egin zuen. Arte Plastikoen Sari Nazionala jaso zuen 1983an. Madrilgo Reina Sofía Museoak Muñozen atzera begirako erakusketa bat antolatu zuen 1989an.