Muñagorri Otegi, Jose Antonio
Gipuzkoar politikaria (Berastegi, 1794 - Eratsun, 1841). Aita eta aitona bezala, eskribau izan zen gaztetan, baina laster lanbide hura utzi eta Gipuzkoako eta Nafarroako burdinola batzuetan lan egin zuen. Urte batzuk geroago herri lanetan jardun zuen obra-kontratazale gisa. Lehen Karlistada hasi zenean bertan behera utzi behar izan zituen lan horiek guztiak eta, gerrak zekarren hondamendi handiaz arduratuta, politika kanpaina bati ekin zion Muñagorrik 1837an “Bakea eta Foruak” esapideaz. Harremanetan jarri zen Euskal Herriko liberalekin eta bake plan hura onartu zuten. Madrilgo gobernuak, ordea, bake bidea bai, baina ez zuen Diputazioa eta Batzar Nagusiak bertan behera uzten zituen dekretu-legea indarrik gabe utzi nahi izan. Bestetik, Karlos VII.a errege izan nahi zuenari idatzi eta Euskal Herria utz zezala eskatu zion. 1838an, ordu arteko ahaleginak hutsean geratu zirela eta bakearen eta foruen aldeko agiri bat eman zuen aditzera Gipuzkoan eta Nafarroan, eta bertso paper batzuk, Muñagorriren kantak, baliatu zituen bere programa bazter guztietara zabaltzeko. Muñagorriren ekinaren ondorioa izan zen Bergarako Ituna (1839). Gerra amaitu zen, baina euskal foruak biziki murriztu zituzten. Muñagorri burdinoletara itzuli zen eta 1841ean Ramon Elorrio izeneko teniente karlista ohi batek hil zuen Eratsungo herrian.
- Montori
- Muntsaratz
- Müntzer
- munukutuba
- Münzer
- Muñagorri Otegi, Jose Antonio
- Muñecas, Las
- Muñikar
- Muñoa, Migel
- Muñoz Molina, Antonio
- Muñoz Otaegi, Joxean