Muñoz Suay, Ricardo
Espainiar zinemagilea (Valentzia, 1917 - Valentzia, 1997). Gerra Zibila hasi aurretik alderdi komunistako kide zen. Gerra amaitu ondoren, 1945. urtea arte ezkutuan bizi izan zen Valentzian. Madrila joan zen paper faltsuekin eta han preso hartu eta bost urteko espetxe zigorra jarri zioten. Zinemaren munduan sartuta, García Berlangaren zuzendari laguntzaile izan zen Bienvenido Miser Marshall filmean. Luis Buñuelen Viridiana filmean, berriz, produktore izan zen. 1960ko hamarraldian Bartzelonako eskolako sortzaileetako bat izan zen, eta nouvelle vague edo free cinema higikundeetara hurbiltzen saiatu zen. Bartzelonan, B saileko beldurrezko hogeita hamar bat film egin zituen zazpi urtez. 1962an alderdi komunista utzi eta zinema ere uztea erabaki zuen, baina 1983. urtea arte ez zuen erabat utzi, Francesco Rosiren Carmen lanean parte hartu ondoren alegia.