Mumford, David Bryant
Britainiar matematikaria (Worth, Sussex, Ingalaterra, 1937). Exeter-eko eskolan ikasi ondoren, Harvard-eko Unibertsitatean sartu zen, eta han aldaera aljebraikoak ikasten hasi zen. Graduatu ondoren, unibertsitatean bertan aritu zen lanean. 1967an irakasle egin zuten, eta hamar urte geroago Higgins Irakasle izendatu zuten. 1981etik 1984ra Harvard-eko Matematikako saileko zuzendari, eta 1987tik 1992ra MacArthur kide izan zen. Vancouver-eko Nazioarteko Kongresuan (1974) Fields domina eman zioten, moduluen aldaerak aztertzeagatik. Horrez gainera, ekarpen ugari egin ditu gainazal aljebraikoen teorian, Zariskiren eta eskola italiarraren lana osatuz. Hala ere, 1980ko hamarraldian Mumford-ek bere lanaren norabidea aldatu zuen, eta matematika aplikatua aztertzen hasi zen. Fields dominaz gainera, beste ohore asko jaso ditu. Zientzietako Akademia Nazionaleko kide da, eta Nazioarteko Batasun Matematikoko lehendakari izan da 1995-1999 urteetan.