Mulligan, Gerry
Estatubatuar jazzeko musikagilea (Queens Village, New York, 1927 - Connecticut, 1996). Nerabe zela hasi zen musika idazten, eta lehenengo lanak bere herriko irratiari saldu zizkion. Ondoren, Elliot Lawrence (1945) eta Gene Kruparekin (1946) lan egin zuen. Claude Thornhill-en orkestran Gil Evans ezagutu zuen eta harekin batera Miles Davis-en Birth of the Cool (1949-1950) album ospetsua grabatu zuen. Lan horretarako Mulligan-ek Jeru eta Venus De Milo lanak osatu zituen. 1952an hainbat orkestrazio egin zituen Stan Kenton-entzat, eta Chet Baker-ekin laukote bat osatu zuen. Beste laukote batekin Parisko jaialdian parte hartu zuen 1954an. 1960an hamahiru lagunez osatutako orkestra osatu zuen, Concert Jazz Band. Garai hartan disko ugari grabatu zituen orduko jazz musikagile nagusiekin: Lee Konitz, Thelonious Monk, Paul Desmond, Johny Hodges, Ben Webster, Tommy Flanagan. 1971n seikote bat osatu zuen, Age of Steam. 1982an Astor Piazzola argentinar musikariarekin batera, big band bat zuzendu zuen Europan (1982). Hainbat filmetan parte hartu zuen, bai musikagile, bai antzezle gisa: I Want to Live (1958) eta Jazz on A Summer’s Day (1958).