Müller, Gerd
Alemaniar futbolaria (Nördlingen, 1945). Futbolaren historiako gol egile handienetako bat izan da. Gizon sendoa zen, ez oso lasterra, baina orekaren zentzu handia zuena; bestalde, oso ondo menderatzen zituen espazio txikiak. Erdiko aurrelari modernoaren eredu izan zen. Municheko Bayern taldean hasi zen profesional gisa 1963an. Talde horrekin Europako hiru kopa (1974, 1975 eta 1976, guztietan gola eginez), Errekopa bat (1967), Kontinente arteko kopa (1976), Alemaniako lau liga (1967, 1972, 1973 eta 1974), eta lau kopa (1966, 1967, 1969 eta 1971) irabazi zituen. Alemaniako selekzioarekin 68 gol egin zituen 62 partidatan. Europako Txapelketa irabazi zuen 1972an eta mundukoa 1974an (gol gehienak berak egin zituen). Gaur egun, oraindik ere, Munduko Txapelketako gol egile nagusia da, hamalau golekin. 1970ean Europako jokalari onena hautatu zuten, eta Europako gol egile nagusia izan zen 1970 eta 1972 urteetan.