Morellet, François
Frantses margolaria (Cholet, 1926). Denboraldi batez marrazki figuratiboaren inguruan aritu ondoren, 1950eko hamarraldian abstrakziorantz jo zuen; pintura oso landua osatu zuen garai horretan. 1952. urtetik aurrera, ordea, hizkuntza geometrikoa landu zuen, lerroez, laukiez eta hirukiez osatua. 1961-1968 urteen bitartean zinetismoaren protagonistetako bat izan zen, eta Le Parc eta beste batzuekin Grupe de recherche de l'art visuel taldea sortu zuen. 1963. urtetik aurrera neoizko hodiak erabiltzen hasi zen, eta 1970eko hamarraldian arkitektura eta pintura lotzeko lanak egin zituen. Estatu Batuetako Hard Edge, minimalismoaren eta arte kontzeptualaren parekoa da Morelleten lana.