Montgolfier anaiak
Frantziako industria gizon eta asmalariak. Joseph Michel (Vidalons-lè-Annonay, 1740 - Balarue-lès-Bains, 1810) eta Jacques Étienne (Vidalons-lè-Annonay, 1745 - Serrières, 1799) anaiek berrikuntza handiak sartu zituzten papera egiteko prozesuan, baina ospe gehien eman zien alorra aire-nabigazioa izan zen. 1782an lehen globoa egin zuten. 1783an, 12 m-ko diametroa zuen globo bat, paperez eta telaz egina, igotzea lortu zuten. Parisko Zientzia Akademiak bi anaiek ondoren egin zituzten proiektuei diru laguntzak ematea erabaki zuen. Frantziako Iraultzaren ondoren Joseph Michel Montgolfier “Conservatoire des Arts et Métiers”-eko zuzendari eta Frantziako Institutuko kide izendatu zuten.