modernismo
iz. XX. mendearen hasieran garatu zen arte higikundea, ideia akademikoen eta egiuneen kontrakoa. v Erl. Eliza Katolikoaren berrikuntza teologiko eta moralaren aldeko higikundea (XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasiera). Kritika historikoaren eta zientzia modernoaren ekarpenak hartzen zituen kontuan eta demokrazia eta arrazionalizazioa txertatu nahi zituen elizaren barrenean. Italian eta Frantzian hedatu zen batez ere. Pio X.ak Pascendi dominici gregis entziklikan kondenatu zuen. v Art. Eragin nagusia arkitekturan eta dekorazio arteetan izan zuen higikunde honek. Izen desberdinak ditu herrialdeen arabera: Modern Style edo Liberty Britainia Handian; Art Nouveau Frantzian; Jugendstil Alemanian; Floreale Italian; Modernismo Espainian, etab. XIX. mendeko akademizismoaren eta konbentzionalismoaren aurkako erreakzio gisa sortu zen. Modernismoak iraganeko estiloak ukatu eta izadian aurkitzen diren formak hartzen zituen inspirazio iturritzat. Hala, joera honen ezaugarri nagusia landare formako lerro makur asimetrikoak erabiltzea da. Pinturaren alorrean, inpresionismoaren errealismoari aurka eginez, estilizazioa bilatzen zuten. Joera honetako pintore ezagunenak J. Toorop, G. Klimt, Aubrey Beardsley, F. Khnopff, F. Hodler eta, hein batean, Gauguin eta E. Munch dira. Funtsean, alabaina, dekoraziozko artea zenez, modernismoa arkitekturan, apainketan eta industriako produktuetan, barne dekorazioan, altzarietan eta grafismoan nabarmendu zen. Helburu estetikoz hainbat gai eta teknika erabili ziren: burdina, metala, zura, beira, zeramika, harri bitxiak, etab. Estilo berriaren arabera diseinaturiko gauzakiak sortzeko eskulangileen teknikak erabili behar ziren eta egiteko honetan Munich, Dresden eta Vienako lantegiak gailendu ziren Europako erdialdean. Gero, Europa guztira hedatu zen bai eta baita Estatu Batuetara ere (Chicagoko eskola, Tiffanny). Arkitektura modernista Europako herrialde batzuetan garatu zen batez ere: Frantzia (V. Guimard), Belgika (V. Horta, H. van de Velde), Alemania (H. Obrist, O. Heckmann, A. Endell), Austria (J. Olbrich, J. Hoffmann). Beste arkitekto modernista gailen batzuk: A. H. Mackmurdo, Ch. R. Mackintosh (Britainia Handia); A. Gaudí, Ll. Domènech i Montaner, J. Puig i Cadafalch (Katalunia). v Lit. Espainiako literaturan 1890-1920 urteetan izan zen higikundea. Beste zenbaiten antzera (parnasianismoa, sinbolismoa…), positibismoaren eta XIX. mendeko naturalismoaren beherakadarekin batera agertu zen modernismoa literaturan. Idazle modernistek jarrera independentea bultzatzen zuten, burgesiaren erretorikaren aurrean. Higikundeak eman zuen idazle aipagarriena Rubén Darío nikaraguarra izan da, baina garrantzi handiko beste idazle asko ere izan dira: Martí, Antonio Machado, Juan Ramón Jiménez eta Amado Nervo, besteak beste.