Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

modem

iz. Inf. Konputagailuak datu transmisiorako linea analogikoen bitartez komunikatzeko erabiltzen den tresna. Modemak igortzailearen seinale digitalak telefonoz bidaltzeko moduko seinale analogiko bihurtzen ditu. Seinalea helburura iristen denean, beste modem batek hasierako seinale digitala berreraikitzen du, eta konputagailu hartzaileak prozesatzen du. Seinale digitala seinale analogiko bihurtzeko, modemak uhin eramaile bat sortu eta seinale digitalaren arabera modulatzen du. Modulazioa aplikazioaren eta modemaren transmisio abiaduraren araberakoa da. Seinale analogikoa jaso eta seinale digital bihurtzen duen prozesuari "demodulazio" esaten zaio. Modem hitza oinarrizko bi funtzio horien –hau da, modulazio eta demodulazio hitzen– kontrakziotik sortu da. Lehenengo modemak tramankulu handiak ziren, eta segundoko 100 bit igortzen zituzten. Egun, segundoko 33 kilobit ere igortzen dituzte.