Milosevic, Slobodan
Jugoslaviar politikaria (Pozarevac, Serbia, 1941- Haga, 2006). Zuzenbide ikasketak egin zituen Belgraden. Ikasketak bukatuta banketxe batean lan egin zuen, Estatu Batuetan. Ivan Stambolic buruzagi komunistaren –eta gerora Serbiako lehendakari izan zenaren– bultzadaz, Belgradeko Bankuaren zuzendaritza lortu zuen, eta 1986an, Serbiako Liga Komunistaren lehendakaritza. Kargua eskuratu orduko, Stambolic politikatik baztertu, eta 1987ko urrian Serbiako lehendakaritza lortu zuen. Nagusikeriaz jokatu zuen, serbiarren alde beti, eta Kosovoko independentziaren kontra. 1981etik aurrera, Kosovon borrokak eta manifestazioak hasi zirenean, Milosevicek Kosovoko zenbait buruzagi albaniar karguak uztera behartu zituen. 1989ko martxoan, bere onespena eman zion konstituzioaren erreformari, Titok 1974an Kosovori emandako autonomia zabala murrizteko. 1989ko apirilean, aho batez, Serbiako Errepublikako lehendakari hautatu zuten. 1992ko apiriletik aurrera, Jugoslaviako gerra hasi zenetik, bilera asko egin zituen nazioarteko bitartekariekin eta Jugoslaviako buruzagiekin. 1993ko martxoan Bakearen Nazioarteko Konferentziako lehendakariekin elkartu zen –Cyrus Vance eta David Owen–, Bosnia-Herzegovina 10 probintzietan banatzeko: hiru probintzia serbobosniarrentzat, hiru Bosniako musulmanentzat, bi kroaziarrentzat, eta beste bi misto. Nolanahi dela ere, planak ez zuen aurrera egin. Uztailaren 17an, Parisen, Franjo Tudjman Kroaziako lehendakaria, David Owen eta Cyrus Vanceren ordezko Trovard Stoltenberg-ekin elkartu zen, Bosnia hiru errepublika autonomotan banatzeko: % 52 serbiarrentzat, % 31 musulmanentzat eta % 17 kroaziarrentzat. Hala ere, plan horrek, Milosevic-en, Bosniako lehendakari Alija Izetbegovic-en eta, erabatekoa ez bazen ere, Franjo Tudjmanen onespena jasoagatik, ez zuen Radovan Karadzicen serbiarrenik jaso. 1994ko uztailean, hirugarren bake plana prestatu zen, baina ez zen inolako akordiorik lortu. 1995ean, Milosevicek bere Jugoslaviako errepublika federala eta Montenegro Jugoslavia Sozialista Federalaren ondorengotzat onar zitzatela eskatu zuen. Azaroaren hasieran, Daytonen (Ohio), Bosniako bake negoziazioak hasi ziren. Hilaren 21ean Bosnia estatu batutzat onartu zen, egungo mugen barruan, baina bi lurraldetan banatuta: Federazio kroaziar-musulmana, batetik, eta serbo-bosniarren Serbiako Errepublika bestetik. 2000ko urriko hauteskundeetan, Milosevic hasieran irabazle gisa azaldu bazen ere, iruzur egin zuela frogatu zen eta, herriaren presioz, lehendakaritza utzi zuen, Vojislav Kostunica-ren mesedetan.