Milnor, John Willard
Estatubatuar matematikaria (Orange, New Jersey, 1931). Lehenengo ikasketak Princetongo Unibertsitatean egin zituen, eta 1951n jaso zuen titulua. Graduatu ondoren, Princetonen hasi zen ikerlanean, eta 1953an, doktoregoko ikasketak bukatu baino lehen, irakasle hartu zuten. Tesia, Isotopy of Links (Loturen isotopia), Ralph Fox-en zuzendaritzapean egin zuen, eta 1954an aurkeztu zuen. 1962an Henry Putman-en katedra eskuratu zuen Princetongo Unibertsitatean. Zazpi dimentsioko esfera batek estruktura diferentzial ugari izan ditzakeela da Milnor-en aurkikuntzarik garrantzitsuena, eta horri esker arlo berriak sortu zituen topologia diferentzialean. 1950eko hamarkadan Milnorrek topologia aljebraikoa landu zuen, eta gaur egun batez ere dinamikan dihardu. Bere lanari esker ohore asko jaso du: 1962ko Stockholm-eko Nazioarteko Kongresuan Fields domina jaso zuen; Zientzietako Domina Nazionala (1967) eta Leroy P. Steele saria (1982) eman dizkiote, besteak beste. Bestalde, Zientzietako Akademia Nazionaleko kidea da, Amerikako Arte eta Zientzietako Akademiakoa eta Amerikako Filosofia Elkartekoa. 1962tik aurrera Annals of Mathematics aldizkairiko zuzendari da, eta 1988az gero New York-eko Estatuko Unibertsitatean lan egiten du.
- militante
- militantzia
- militar
- militarismo
- milizia
- Milnor, John Willard
- Milon Krotonakoa
- milonita
- milorri
- Milosevic, Slobodan
- Milosz, Czeslaw