Milton, John
Britainiar olerkaria (Londres, 1608 - Londres, 1674). Cambridge-ko unibertsitatean egin zituen ikasketak. Gaztaroan, ingelesez eta latinez idatzitako poemen artean, “L’Allegro” (“Alaia”), “Il Pensieroso” (“Pentsalaria”) eta “Ode on the Morning of Christ’s Nativity” (1629, “Kristoren Jaiotzaren goizeko oda”) dira ezagunenak. Ondoren, literaturari, arteari eta musikari buruzko ikasketak sakondu zituen; garai hartan Comus (1634) maskarada eta Lycidas (1638) elegia idatzi zituen. Ikasketen osagarri gisa urte beteko bidaia egitea erabaki zuen. Italian zegoela Karlos I.aren eta Parlamentuaren artean izan ziren liskarren berri izan zuen eta, Ingalaterrara itzulirik, erlijio askatasunaren alde idazten hasi zen: eliza anglikanoaren eta monarkiaren kontra jardun zuen batez ere. Areopagitica (1644) obran prentsa askatasunaren alde egin zuen. Ondoren Cromwell-en errepublikako idazkaria izan zen, baina monarkia berriro ezarri zenean (1660) esetsia eta behartsu bizi izan zen. Urte horretan bertan begietako eritasun baten ondorioz itsu geratu zen, eta bere lanak diktatu behar izan zituen harrezkero. Haren Paradise Lost (1667, Paradisu galdua), ingelesezko epika liburu nagusitzat hartu ohi da: 12 kantutan banatutako olerki epikoa da, Jaungoikoak Adan eta Eba paradisutik egotzi zituenekoak kontatzen dituena. Lan horrek bigarren zatia ere izan zuen: Paradise Regained (1671, Paradisu berreskuratua). Urte horretan bertan Miltonek Samson Agonistes (1671, Sanson agonista) eman zuen argitara. Lan horiez gainera 23 soneto idatzi zituen, hemezortzi ingelesez eta bost italieraz, adituen ustez, inoiz idatzi diren onenetakoak. John Milton, Shakespeare-kin batera, Britainia Handiko olerkari nagusia da.