Meyerbeer, Giacomo
(Jaiotza izenez, Jakob Liebmann Beer). Alemaniar musikagilea (Berlin, 1791 - Paris, 1864). Italian egonaldi bat egin ondoren (1817-1824), Rossini-ren kutsua zuten sei opera idatzi zituen; horietan arrakastatsuena Il croaciato in Egitto (1824) izan zen. Geroago Parisen frantses opera erromantikoaren bultzatzaile izan zen. Opera mota honek Erdi Aroko eta naturaz gaindiko gaietarako zaletasuna eta ikusgarritasuna zituen ezaugarri nagusiak; melodrama historikoa, alegia. Eugène Scribek egin zion opera batzuen libretoa. Frantses operak egin zituen: Robert le Diable (1831), Les Huguenots (1836) eta Le Prophète (1849). 1842an Berlina itzuli zen, Frederiko-Gillermo IV.ak deituta, musikako zuzendari orokorra izateko. Garai hartakoa da Ein Feldlager in Schlesien (1844, Kanpamendua Silesian) alemaniar opera. 1863an Parisa itzuli zen L’Africaine (1838-1865) operaren prestamenak zaintzeko, baina gaixotu eta han hil zen. Kantatak, oratorioak eta orkestrarako doinuak eta lanak ere idatzi zituen. Esan ohi da Meyerbeer-ek alemaniarra duela harmonia, italiarra doinua eta erritmoa frantsesa.
- Mexiko
- Mexikoko golkoa
- Mexikoko hiria
- Meyer, E Y
- Meyer, Russ
- Meyerbeer, Giacomo
- meza
- mezalagun
- mezatxo
- mezenas
- mezerdi