Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mexiko

(Izen ofiziala, Mexikoko Estatu Batuak; Gazt., Estados Unidos Mexicanos edo Méjico). Ipar Amerikako hegoaldeko estatua. 1.958.201 km2 eta 106.682.500 biztanle (2008ko estimazioa, mexikarrak). Mugak: iparraldean, Estatu Batuak; ekialdean, Mexikoko golkoa eta Karibe itsasoa; hego-ekialdean, Belize eta Guatemala; hegoaldean eta mendebaldean, Ozeano Barea. Hiriburua: Mexiko hiria. Hiri nagusiak: Guadalajara, Ciudad Netzahualcoyotl, Monterrey, Puebla, Leon, Juarez, Tijuana, Merida, Chihuahua. Hizkuntza ofiziala: gaztelania. Gizatalde nagusiak: mestizoak % 60; indiarrak % 30; zuriak % 9; besteak % 1. Erlijioa: katolikoa % 89; protestantea % 6; batere ez % 2,8. Dirua: pesoa. ■ Latinoamerikako herrialde handienetako bat da Mexiko: hedaduraz hirugarrena, eta bigarrena biztanle kopuruaren arabera.  v  Orografia eta hidrografia. Mexikoko lurraldea menditsua da, baina alde handiak ditu toki batetik bestera. Bi mendikate garaik, Mexikoko golkoaren eta Itsaso Barearen norabide berean hedatzen diren Ekialdeko Sierra Madre eta Mendebaleko Sierra Madre mendikateek, iparraldetik hegoaldera zeharkatzen dute lurraldea. Bi mendikate horien artean goi-ordoki zabal bat dago, Mexikoko lurraldearen hiru laurdenak hartzen dituena. Goi-ordoki horretara iristen diren ibai batzuen ura ez da itsasora iristen, hango sakonuneetan geratzen baita. 900-1.200 m-ko garaiera du iparraldean, eta 2.000-2.700 m-koa hegoaldean. Beste mendikate batek, Zeharkako Sumendi-kateak, alderik alde zeharkatzen du Mexikoko hegoaldea, eta goi-ordokia mugatzen du hegoaldetik; mendikate horretan daude Mexikoko mendi garaienak: Citlaltepetl edo Orizaba (5.700 m), Popocatepetl (5.452 m) eta Izatccihuatl (5.286 m) sumendiak. Inguru horietan lurrikarak izateko eta sumendiak pizteko arrisku handia dago. Ekialdeko itsasbazterra zabala eta zuzena da, zelaia eta hareatsua; mendebalekoa, berriz, estutuz doa iparraldetik hegoaldera, zelaia da eta, tarteka, zimurragoa. Bi penintsula daude Mexikon, Kalifornia Behereko penintsula ipar-mendebalean eta Yucatango penintsula hego-ekialdean. Kalifornia Behereko penintsula luze meharra da, eta bere luzera osoan mendiek alderik alde zeharkatzen dute (Encantada, 3.069 m); mendebaleko itsasbazterreko erdialdean zabalgune bat du, ia osorik Vizcaino basamortuak hartzen duena. Penintsularen eta kontinentearen artean Kaliforniako golkoa edo Cortés-en itsasoa dago. Yucatango penintsula ia itsasoaren mailan dagoen kare-harrizko ordoki zabal bat da, Mexikoko golkoa eta Karibe itsasoa bereizten dituena. Tehuantepec-eko istmoa muino txikiez osatua dago, eta adituen ustez, Ipar Amerikaren eta Erdialdeko Amerikaren arteko muga naturala da. Istmotik ekialdera Chiapas-eko Sierra Madre mendikatea eta Guatemalan barrena sartzen diren Soconusco-ko mendiak (Tacana sumendia, 4.093 m) daude. Hegoaldeko itsasaldearen norabide berean Hegoaldeko Sierra Madre eta Oaxaca-ko Sierra Madre mendikateak daude, Zeharkako Sumendi-katetik Balsas ibaiak bereizten dituena. Ozeano Barean, itsasaldetik 725 bat km mendebalera, sumendi jatorriko Revillagigedo-ko uharte txikiak daude.  v  Ibaiak. Ura Mexikoko golkora isurtzen duten ibaien artean hauek dira nagusiak: Bravo edo Grande del Norte (3.540 km), 1.455 km-tan Estatu Batuen eta Mexikoren arteko muga dena eta Conchos eta Salado ibaien ura jasotzen duena, Panuco (600 km), Papaloapan (450 km), eta Guatemalan jaiotzen diren Grijalva (650 km) eta Usumacinta (1.000 km) ibaiak. Ozeano Barean, ura Kaliforniako golkora isurtzen dute Colorado, Sonora, Yaqui eta Fuerte ibaiek; Lerma ibaiak Chapala aintzirara lehendabizi eta gero, Grande de Santiago ibaiaren bidez, ozeanora isurtzen du; Balsas ibaiak (771 km) Zeharreko Sumendi-kateko hegoaldeko urak bideratzen ditu. Nazal (580 km) eta Aguanaval (500 km) ibaiak goi-ordokian, Torreon hiriaren inguruan, barneratzen dira.  v  Klima eta landaredia. Klimari dagokionez alde handiak daude lurraldean toki batetik bestera, Mexikoko klima eragile askoren mendean baitago. Cancer tropikoak bitan banatzen du lurraldea ia erdi-erditik, eta beraz, klima epela dagokio iparraldeari eta tropikala hegoaldeari. Oro har, iparraldean eta erdialdean alde handiak izaten dira urte sasoi batetik bestera; hegoalde tropikalean, berriz, ez dago ia aldaketarik; ipar-mendebala idorra da, oso negu hotzak eta oso uda beroak ditu; Erdialdeko goi-ordokian bai neguak bai udak samurrak izaten dira. Bestalde, garaiera alde handiak daude Mexikon, eta klima ere aldatuz doa garaieraren arabera; mendi garaien arteko bailaratan mikroklimak sortzen dira. Ozeano Barearen eta Altantikoaren eragina ere handia da zenbait tokitan. Ozeano Bareko eta Mexikoko golkoko uren beroak udan zehar haize hezea eta, ondorioz, euria dakar; lurralde beroetan euri sasoiak luze iraun dezake baina toki gehienetan ekainetik urria arte izaten da euria; hala ere alde handiak daude toki batetik bestera: Chiapas-ko goi-ordokietan euria 5.000 mm-tik gora izan daiteke urtean, ekialdeko itsasaldean 2.500 m, eta 200 mm baino gutxiago Mapimi-ko sakonunean, Sonorako basamortuan eta Kalifornia Beherean; gehienetan euri erauntsiak izaten dira, laburrak eta indar handikoak, kazkabarrarekin batera askotan. Zortzi klima mota bereizten dira Mexikon, klima tropikal euritsuaren eta mendi gailurretako klima polarraren artean, baina, laburbildurik, klima ezaugarri nagusi arabera, era honetara sailka daiteke lurraldea: lurralde beroa 700 m-tatik behera (25°C), lurralde epela 700-1.700 m bitartean (19 °C), lurralde hotza 1.700-2.100 m bitartean (17 °C) eta lurralde izoztua mendi gailurretan (10 °C-tik behera). Landaredia klima motaren eta garaieraren araberakoa da, eta oro har, urriagoa da iparraldera ahala. Iparraldeko, ipar-mendebaleko eta erdialdeko lurralde idorretan kaktusa, henekena eta mandioka hazten dira batez ere. Hegoaldean eta ekialdean, Yucatango penintsulan eta mendebaleko itsasaldean oihan tropikala eta sabana tartekatzen dira. Hego-erdialdeko eta Sierra Madre mendietan pinu, izai, zedro, arte eta haritz zuhaiztiak daude. Mexikoko hegoaldeko itsasaldean mangle zuhaiztiak daude batez ere. ■ Biztanleak. Mexikoko hizkuntza ofiziala gaztelania bada ere, indiar asko, goi-ordokiko uto-aztekak, Oaxacako mixteak, Tehuantepec istmoko zapotekak, Yucatango eta Chiapas-eko maiak adibidez, beren jatorrizko hizkuntzetan ere mintzatzen dira. Nekazaritzaguneetan bizibidea nekez atera daitekeenez, eta nahiz eta hirietan ere irabazpiderik ez izan, jende asko hirietara joan da, (biztanleen % 75 hirietan bizi da), batez ere, Mexiko hirira, Monterreyra eta Guadalajarara, eta azken urteetan iparraldeko industria hirietara (Tijuana) eta turismoguneetara (Cancún). Mexikoko hiriburua munduko hiririk jendetsuena da, eta aldirietan etxola sailez osatutako auzo handiak daude, oinarrizko azpiegiturarik ere ez dutenak. Biztanleriaren hazkunde tasa oso handia zela ikusirik, jaiotza tasa kontrolatzeko neurriak hartu behar izan zituen gobernuak, eta horrela lortu du hazkundea geldiaraztea (% 0,99koa izan zen 2005ean). Bestalde, mexikar asko Estatu Batuetara joan izan da lan eta bizi baldintza hobeen bila; gaur egungo kalkuluen arabera, 38 milioi mexikar edo mexikarren ondorengo bizi dira Estatu Batuetan. Munduko herrialderik handiena da, eta biztanle dentsitate handienetakoa duena, eta desberdintasun nabarmenak daude eremu batzuen eta besteen artean, giza garapena adierazten duten adiearzleei dagokienez; badira Alemaniaren mailako eremuak, eta baita Burundiren mailaz gorago iristen ez direnak ere. Gizarte arazo nagusietako bat narkotrafikoa da eta horri loturiko delinkuentzia da. ■ Ekonomia. Mexikoko ekonomiak pribatizazio prozesu lasterra izan zuen 1980ko hamarraldiaz geroztik. Industria da sektore nagusia Mexikoko ekonomian, eta sektore horrek biltzen ditu, hain zuzen, esportazioen hiru laurdenak. Mexikon eraiki zen Latinoamerikako lehen labe garai modernoa (Monterrey, 1900). Bi aldi nagusi izan dira Mexikoko ekonomiaren garapenean: lehenengoa, 1940-1973 urteen bitartean izan zen eta estatu sozialismoan eta sektore pribatuan oinarritu zen, eta bigarrenak, aldiz, 1973-1976 bitartekoa, hidrokarburo hobi garrantzitsuen aurkikuntza izan zuen oinarri. Hobi horien aurkikuntzak goitik behera aldatu zuten Mexikoko ekonomia, eta aldi berean, nazioarteko bankuekin zorretan gelditzeko erraztasunak ekarri zizkion herrialdeari. Diru laguntzen bidez, enpresa publiko eta pribatuetarako ekipo ondasunak inportatzen zituen Mexikok, eta bere politika soziala ordaintzen zuen. Baina petrolioaren prezioa jaitsi zenean, inflazio izugarriari eta gehiegizko zorrari aurre egin behar izan zion Mexikok (1982). Susperraldia ere izugarria izan zen ordea: bere zorra hiru alditan hitzartzea lortu zuen, Morgan planaren barruan lehenbizi (1988), eta Brady planaren barruan ondoren (1990). 1994. urtearen amaieran eta 1995. urtearen hasieran banku krisi larria izan zen Mexikon. Inflazio altuak batetik, eta bestetik, 30.000 milioi dolar inguruko defizitak eragin zuten krisi hori. Krisi horrek ondorio larriak izan zituen gizarte mailan, nekazari inguruetan batez ere, eta langileen % 20 arautu gabeko ekonomian aritzea ekarri zuen ondorioz. Bill Clinton Estatu Batuetako lehendakariak, beste hainbat herrialde eta erakunderekin batera, Nazioarteko Diru Funtsa eta Munduko Bankuarekin besteak beste, nazioarteko laguntza ahalegina jarri zuen abian; 50.000 milioi dolarreko mailegua egin zioten erakunde horiek Mexikori. Horrez gainera, Ernesto Zedillo presidenteak enpresa publiko nagusiak pribatizatu zituen: burdinbideak, petrokimika eta elektrizitate lantegiak eta aireportuak. Mexikok merkataritza harremanak ditu Estatu Batuekin, Japoniarekin, Alemaniarekin, Brasilekin, Kanadarekin, Frantziarekin eta Espainiarekin. Turismoa, mugako merkataritza, atzerriko inbertsioak eta Estatu Batuetan lanean diharduten mexikarren diru igorpenak garrantzizko diru sarrerak dira Mexikon. ■ Langileen % 20k nekazaritzan dihardu (BPGren % 6). 1917-1980 urte bitartean egin zen erreformak nabarmen indartu zuen nekazaritza. Hala ere, nekazaritza ekoizpena eurialdien araberakoa da, eta horrez gainera, herrialdea, oro har, oso lehorra da. Hala ere, bere oinarrizko beharrak asetzeaz gainera, zenbait gai esportatu ere egiten ditu Mexikok: artoa, garia, garagarra, arroza, kafea, kotoia, azukre kanabera, fruituak eta barazkiak. Mexikoko lurraldearen % 23 basoek osatua da. Urte askoan, zuhaitz mozketa ez da arautu, baina azkenean, arau oso zorrotzak onartu behar izan ditu Mexikoko gobernuak gai horren inguruan. Mexikok basoko gai ugari lantzen ditu, besteak beste, zura, txiklea, erretxinak, kina. Meatzaritzari dagokionez, antzina Mexikoko meatzari konpainia gehienak atzerritarrak ziren. Hala ere, 1960ko hamarraldian konpainia horiek eta gobernuak ahalegin handiak egin zituzten industria sektore hori nazionalizatzeko, eta konpainia horietako kapital gehiena mexikarra da gaur egun. Petrolioa da ustiatzen den mea nagusia; Veracruz, Tabasco, Campeche eta Chiapas estatuetan ustiatzen da batez ere. Zilarra ere garrantzizko gaia da, eta Mexikoko estatu guztietan dago gainera. Urrea, kobrea, burdina, fluorita, beruna, zinka, sufrea, manganesoa eta tungstenoa ere ugariak dira. Mexikoko industria Latinoamerikako aurreratuenetako bat da. 1980ko hamarraldiaren bukaeratik aurrera lantegi berri gehienak errepublikaren iparraldean osatu ziren, muntatze lantegiak gehienbat (maquiladoras). Lantegi horietan inportatutako piezak muntatzen dira eta ondoren, esportatzeko gaiak sortzen. Horrez gainera, Estatu Batuetako zenbait enpresak diru asko inbertitu du azken urteetan ibilgailu motordunak eta kontsumorako bestelako gaiak ekoizten dituzten lantegietan. Industria nagusiak hauek dira: makinak eta elektronika, petrolio findegiak, galdak, elikagaiak biltzeko lantegiak, paper eta kotoi ekoizleak, ehungintza, beira, zeramika eta larrua.  v  Historia. Mexikon gizakia bizi izan zela frogatzen duten aztarnak antzinakoak dira. K.a. 5000. urte inguruan nekazaritzan oinarritutako kulturak bizi ziren, eta haien ondoren beste jasoago batzuk sortu ziren, gizarte eta politika egituratua zutenak eta monumentu ikusgarriak eraiki zituztenak: olmekak, maiak, Teotihuakango zibilizazioa, zapotekak, huastekak, toltekak, mexikak edo aztekak, taraskoak, totonakak, mixtekak.  v  Mexikoko konkista. 1518. urtean Diego Velázquez Kubako gobernariak espedizio bat bidali zuen Mexikora Hernán Cortés-en (1485-1547) gidaritzapean. 1519an Cortés-ek Veracruz hiria sortu zuen, eta bere kabuz, ez baitzuen lurraldea konkistatzeko baimenik, aurrera jarraitzea erabaki zuen. Txalkalteka indiarren laguntzaz, azteken inperioaren hiriburuan, Tenochtitlan-en, sartu zen 1519ko azaroaren 8an. Moctezuma azteken buruzagiak harrera ona egin zion Cortés-i baina honek preso hartu eta Espainiaren aginpidea onartzera behartu zuen. Velázquez-ek gudaroste bat bidali zuen Cortés preso hartzeko eta Kubara eramateko aginduarekin, eta Cortés gudaroste hari aurre egitera joan zen bitartean Tenochtitlango aztekak matxinatu egin ziren. Hala, Tenochtitlan-era itzuli zirenean aztekek gogor eraso zieten. Espainiako gudarosteak, Tlaxcala-n babesturik, indarrak batu eta handik gutxira, 1521eko abuztuaren 13an, aztekak menderatu eta hiriburua suntsitu zuen; han bertan hiri berri bat eraiki zuten, Mexiko.  v  1522an Karlos I.a Espainiako erregeak kapitain jeneral eta Espainia Berriaren gobernari izendatu zuen Cortés, 1527an Audiencia izeneko gobernu erakundea sortu zen, eta 1534an Espainia Berria erregeorde baten aginpidean geratu zen. Espainiarrak Guatemala eta Honduras konkistatzera abiatu ziren, eta iparraldera ere, zilar meak aurkitu zirenetik batez ere, zabaldu ziren. Konkistatzaileek eta agintariek –zibilek nahiz elizgizonek– lan gogorretara behartu zituzten indiarrak; horrek, eta espainiarrek eramandako eritasunek, indiarren artean sortutako izurriteek, urte gutxiren buruan, asko urritu zuten hango biztanleria. Lehenagoko zibilizazioa eta erlijioa desagertu ziren. Espainiako kolonizatzaileak lur eta aberastasun guztien jabe egin ahala liskarrean hasi ziren. Veracruz-eko portuaren bidez metal bitxiak, artilea eta hango beste gai batzuk esportatzen ziren. Espainia Berriak XVIII. mendean zehar izan zituen urterik oparoenak, baina aberastasuna espainiarren, elizgizonen eta goi mailako kriolloen eskuetan geratu zen, erdi mailako kreoleen eta herri xehearen (indiarren, mestizoen eta mulatoen) kaltetan.  v  Mexikoren independentzia. Frantziako Iraultzaren ideia berrietan oinarriturik, Ipar Amerikako Estatu Batuen independentziak bihotz emanik, eta Napoleonen inbasioak Espainian (1808) eragin zuen krisiaz eta aginpide ezaz baliaturik, sortu ziren independentziaren aldeko lehen higikundeak. Mexikoko burgesiak, José de Iturrigaray erregeorde liberalaren laguntzaz, gobernu batzorde bat eratu zuen, baina kontserbadore ahaltsuek hura indarrez desegin eta erregeordea Espainiara alde egitera behartu zuten. 1810ean, Miguel Hidalgo apaizak nekazariz osatutako gudaroste bat antolatu zuen; Guadalajaran gobernu bat eratzea lortu zuen, esklabotasuna debekatu eta indiarrei lurrak itzultzea agindu zuena, baina 1811ko uztailean preso hartu eta fusilatu zuten. Handik gutxira, José María Morelos apaizak hartu zuen bizirik zirauen matxinadaren buruzagitza; 1813an, Apatzingan-en, kongresoa eratu eta konstituzio bat onartu zuen, baina 1815ean Texmalaka-n preso hartu eta hil zuten. Haatik gerra ez zen amaitu. 1820an Espainian liberalek aginpidea lortzeak independentziaren aldeko jarrera hartzera eraman zituen goi mailako kreole kontserbadoreak, erregimen berriarekin militarren eta elizgizonen eskubideak arriskuan baitzeuden; hala, Vicente Guerrero gerrillaren buruzagiak eta Agustín de Iturbide jeneral espainiarrak independentzia hitzartu zuten Iguala-n, 1821eko irailaren 28an, Kordobako hitzarmenean gauzatu zena. 1824ko urriaren 4an kongresuak errepublika federala onartu zuen, eta Guadalupe Victoria jenerala izendatu zuten Mexikoko Estatu Batuetako lehen lehendakari (1824-29).  v  Hurrengo urteetan ekonomiaren egoerak txarrera egin zuen, istiluak izan ziren liberalen eta kontserbadoreen artean, indiarrak matxinatu egin ziren eta estatu kolpeak izan ziren. Santa Anna jeneralaren lehendakaritzapean (1833-53) Texas Mexikotik bereizi zen (1845) eta, horren ondorioz, gerra piztu zen Estatu Batuen eta Mexikoren artean; Guadalupe Hidalgo Itunean (1848) Mexikok Texas, Kalifornia Garaia eta Mexiko Berria galdu zituen, eta, gero, lurralde gehiago saldu zizkien Estatu Batuei hamar milioi dolarren truke. Abertzaleen haserrea zela eta Santa Annak Mexikotik ihes egin ondorengo urteetan, liberalen artean Benito Juárez indiar zapotekak ospe handia irabazi zuen; 1857an lehendakari hautatu zuten eta, elizaren eta kontserbadoreen gogoz kontra, konstituzio laiko eta aurrerakoi bat jarri zuen indarrean, hiru urte iraun zuen gerra ekarri zuena. Juárezek bere agintaldian administrazio, hezkuntza eta justizia guztiz eraberritu zituen. Elizaren ondasunak nazionalizatu eta erlijio ordenak debekatu zituen. Aginpide eragilea eta justiziako eta legegintzako aginpideak bereizi zituen. Nekazaritzaren erreforma abiatu zuen, eta kanpo zorra ez ordaintzea erabaki zuen. Aitzakia horretaz baliatuta Espainiak, Britainia Handiak eta Frantziak gudarostea bidali zuten. Frantsesek hiriburua hartu zuten 1863ko ekainaren 11n, eta Maximiliano Habsburgokoa (Maximiliano I.a, 1864-67) ezarri zuten enperadore. Iparraldean Juárezek bere indarra mantendu zuen eta 1867an liberalek enperadorea preso hartu eta fusilatu zuten.  v  Porfirio Díaz diktadorearen agintaldia. Benito Juárez lehendakaria hil ondoren, Porfirio Díaz jeneralak hartu zuen aginpidea (1877-1911), 1880-1884 bitartean Manuel González-i utzi zion denboran izan ezik. Haren aginpidean industrializazioa abiatu zen Mexikon, errepideak eta burdinbideak egin ziren, barne-merkataritza sendotu zen eta nazioarteko eginbeharrak bete ziren; hala ere, ustelkeria hedatu zen estatuan, eta aberatsen eta herri xehe behartsuaren eta alfabetatugabearen arteko aldea gero eta handiagoa zen. Hirietan erdi mailako klasea eta langileria sortzeak, lur banaketaren eta aldaketa politikoaren aldeko eskaerak, eta 1907ko krisi ekonomikoak gogor astindu zuten diktadura.  v  Mexikoko iraultza. 1911n nazio osoko nekazariak –Pancho Villa eta Pascual Orozcoren, eta Emiliano Zapataren gidaritzapean– matxinatu egin ziren. Díaz diktadoreak aginpidea utzi behar izan zuen eta hurrengo hauteskundeetan Madero hautatu zuten lehendakari. Erreformak ordea ez ziren gauzatu eta Villa, Orozco eta Zapata hari oldartu zitzaizkion. 1913an Victoriano Huerta jeneralak estatu kolpe bat eman eta Madero hilarazi zuen. Iraultzaileek bat egin zuten Huerta aginpidetik kentzeko (1914), baina handik gutxira elkarren kontra hasi ziren borrokan; Villak eta Zapatak, elkar harturik, Venustiano Carranzari aurre egin zioten, baina honek, Alvaro Obregón-en laguntzarekin, menderatu zituen. 1917an Carranzak konstituzio aurrerakoi bat egin zuen: herritarren eskubideei, lanari eta lurraren jabegoari buruzko erreforma, irakaskuntzaren sekularizazioa, ondasunen nazionalizazioa. Erreforma, ordea, ez zen gauzatzen eta Zapata berriro matxinatu zen, baina 1919an hil zuten. 1920ko hauteskundeetan Obregón hautatu zuten lehendakari (1920-24), eta iraultza armatua amaitutzat jo zen.  v  1920. urteaz geroko sistema politiko berrian, hots, alderdi bakar bateko eta lehendakariaren aginpideko demokrazian, erakundeak sortu eta finkatu ziren, aginpide militarra, politikoa eta ekonomikoa zentralizatu ziren, militarren ahalmena murriztu eta hezkuntza bultzatu zen. Lázaro Cárdenas lehendakariaren agintaldian (1930-34) hasi ziren iraultzan aldarrikatutako erreformak gauzatzen; burdinbideak eta petrolioaren ustiapena nazionalizatu ziren, elizaren eta estatuaren arteko harremanak hobetu ziren eta bakea sendotuz joan zen. 1950. urtetik aurrera industria bizkor hazi zen, eta horrek gizarte egituraren aldaketa handi bat ekarri zuen. 1988ko hauteskundeetan Carlos Salinas de Gortari hautatu zuten lehendakari. Estatu enpresak pribatizatzea izan zen Salinasen lehenengo lana. 1991n Merkataritza Librerako Ituna izenpetu zuen Mexikok Estatu Batuekin eta Kanadarekin, eta hitzarmen hori 1994an jarri zen abian; hala sortu zen munduko merkataritza libreko eremurik handiena. Eremu hori sortzea eta pribatizazioak aurrera eramatea izan ziren Mexikoko ekonomia indartzeko Salinasek hartu zituen neurri nagusiak. 1993an Mexikoko gobernuak industrien % 80 saldu zuen, eta inflazioa % 15etik % 10era jaitsi zuen. Hala ere, ez zen neurri eraginkorrik hartu atzerriko zorra gutxiagotzeko. 1994. urtearen hasieran, Nazio Askapenerako Gudaroste Zapatistako (EZLN) talde batek Mexiko hegoaldeko lau herri hartu zituen mendean, Chiapas estatuan. Hauek ziren talde haren eskakizun nagusiak: autonomia, lurrak indigenei itzultzea, demokrazia antolatzea, indigenei osasun eta hezkuntza zerbitzuak ematea. Hala ere, Mexikoko gudarosteak berehala bereganatu zituen lurralde haiek. 1994ko abuztuan Ernesto Zedillo irabazi zituen lehendakaritzarako hauteskundeak. Zedillo PRI alderdiko (Arderdi Iraultzaile Instituzionala) kide zen. Mexikon izan den finantza krisi larrienetako bati egin behar izan zion aurre Zedillok: nazioarteko laguntza ugari izan zuen eta pribatizazio neurriak hartu behar izan zituen. Bien bitartean, Chiapas hegoaldeko matxinadak agerian utzi zuen indigenek bizi zuten egoera larria eta beren eskakizunak entzutera behartu zuen gobernua. 1997ko legebiltzarrerako hauteskundeetan, PRIk gehiengo absolutua galdu zuen diputatuen ganberan, eta oposizioko alderdi nagusiek, PANek (Ekintza Nazionaleko Alderdia) eta PRDk (Iraultza Demokratikoaren Alderdia) hain zuzen, indartu egin zuten kongresuan ordu arte zuten lekua. PRIk, 68 urte aginpidean egon ondoren, gehiengoarekin jarraitzen bazuen ere senatuan eta Mexikoko udal nagusietan ere gehiengoa mantentzen bazuen ere, hauteskunde horien ondoren, hitzarmen ugari izenpetu behar izan zituen kongresuko oposizioko alderdiekin. Hala eta guztiz ere, gobernuaren eta indigenen arteko egoera larriagotu egin zen Altos de Chiapas lurraldean. 1997ko abenduaren 22an tzotzil etniako 45 indigena hil zituzten Acteal udalerrian indar paramilitarrek. Hildako gehienak emakumeak eta umeak ziren. Gobernazioko idazkari Emilio Chuayffetek eta estatuko gobernadore ordezkari Julio Ruiz Ferrok dimisioa eman behar izan zuten gertakizun larri haren ondorioz. 2000an, Ekintza Nazionaleko Alderdiak eta Alderdi Berdeak bat eginik errepublikako lehendakaritza eskuratu zuten; 71 urtean lehen aldia zen PRI alderdia ez zen beste alderdi batek agintea hartzen zuena. 2006an, krisian murgildu zen Mexiko, urte hartako hauteskundeetako gizarte polarizazioaren eraginez, eta liskar eta istilu handiak izan ziren hautagaien artean. Alde txikiz bada ere, Felipe de Jesus Calderon Hinojosak lortu zuen lehendakaritza.
http://www.presidencia.gob.mx/