Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

mezenas

iz. Art. Arteari eta artistei laguntza ematen dien pertsona edo erakunde aberats eskuzabala. Lehenengo mezenasak, Egiptoko faraoiak eta antzinako Greziako tiranoak, beren aginpidea eta handitasuna adierazteko baliatzen ziren arteaz; artistak ordea eskulangile xumetzat zeuzkaten. Alexandro Handia, eta Alexandriako Liburutegia sortu zuen Ptolomeo izan ziren antzinateko mezenas nagusiak. XI. eta XII. mendeetan mezenasgoa apaizen esku egon zen. Teodoriko, Karlomagno eta Frederiko II.a enperadoreak artearen babesle eta garrantzi handiko mezenas izan ziren. XIV eta XIV. mendeetan merkataritza hedatzeak eta hiriak indartzeak garrantzi handiko mezenas multzo laiko bat sorrarazi zuen: zaldun ordenak, burgesia berria, bankariak. XV. mendean humanismoaren giroan Florentziako zenbait familia mezenas ospetsu izan ziren: Rucellitarrak, Strozzitarrak, Quaratesitarrak eta batez ere Medicikoak. Mezenas hauek kultura giro berezi bat sortu zuten beren inguruan eta arte lan asko bildu zituzten jauregietan. XVI. mendean Giorgio Vasari mezenas handiak lehenengo arte-galeria sortu zuen Florentzian. Artearen bidez, aita santuek eliza eta erregeek beren agintaldia goretsi nahiak indartu zuen mezenasen garrantzia. XVIII. mendeak mezenasgoaren gainbehera ekarri zuen; aristokraziak lur jo izanak gobernuen eta erakunde publikoen esku utzi zuen mezenas eginkizuna. XIX. mendearen bukaeran mezenas mota berri bat agertu zen, arte-saleroslea, artistaren lana aintzat hartzen zuena eta arriskatzeko prest zegoena. Gaur egun, mezenas pribatuek garrantzi handiko arte-bildumak dituzten arren, galtzen ari da mezenas-en irudia.