marxismo
iz. K. Marx, F. Engels eta haien jarraitzaileek eraturiko filosofia, gizarte eta ekonomia doktrina. v Marxek gizarteak historian izan duen bilakaera argitu nahi izan zuen bere teorien bidez; zehatzago,Marx lanaren eta kapitalaren arteko erlazioa modu zientifiko batez definitzen ahalegindu zen, horretarako egokiena zeritzon metodo analitikoa erabiliz: dialektika. Dialektikaren arabera, gertaera edo fenomeno bakoitzak berezkoa du kontraesana; Marxek metodo hori erabiliz eredu kapitalista alde batera utziko duen praxia zehaztu nahi zuen; hala eta bide hartatik, Marx izan zen bere obraz pentsamendu sozialista maila gorenera jaso zuena. Marxismoa, hasieran behintzat, alemaniar idealismoaren filosofian oinarritu zen; hala ere asko dira marxismoaren iturritzat hartu izan diren idazle eta filosofoak, besteak beste frantses iraultzaileak, Graco Babeuf esate baterako, utopikoak, Proudhon adibidez, ekonomialari ingelesak, eta batik bat Hegel alemaniar pentsalaria. 1848. urtean Engelsekin batera idatzi zuen Alderdi Komunistaren Manifestua marxismoaren oinarrizko liburutzat hartzen da. 1867an bere obra garrantzitsuena izango zen Das Kapital-aren lehen liburukia argitaratu zuen Marxek; bertan, metodo dialektikoaz, kapitalismoaren analisi sakona egin zuen. v Marxismoaren teoria. Marxen teoriak bi premisa handitan oinarritzen dira. Lehen premisaren arabera, gizona inguratzen duen errealitatea edo izadia haren ideia zein irudikatze mental guztiak finkatzen dituen faktorea da. Bigarren premisa aipaturiko materialismo dialektikoan edo dialektikan, marxismoaren egituratze metodoan alegia, gauzatzen da. Materialismo dialektikoak dioenez, kanpoaldeko errealitatea etengabe ari da aldatzen, eta aldaketa horiek errealitateak bere baitan kontraesanak gertatzen dira. Marxek Hegelen dialektikaz azaltzen du errealitatearen kontraesanen bidezko aldaketa hori: tesia, antitesia, sintesia, eta adibide honen bidez azaltzen du: feudalismoan bazen lehentasunak eta eskubide bereziak zituen klase ustiatzaile bat, noblezia (“tesia”), morroiak ustiatzen zituena (“antitesia”); arazo horri iraultzak eman zion irtenbidea, noblezia eta herri xehea sistema berriaren hiritar izatean bateratu baitzituen (“sintesia”); era berean burgesiaren (“tesia”) eta langileriaren (“antitesia”) arteko kontrajarrerak higikunde berri bati eman zion hasiera. Marxen ustez egoera horren bukaera edo sintesia klaserik gabeko gizarte komunista litzateke. v Marxismoa eta gizarte klaseak. Marxismoaren teorian kontrako jarrera duten bi gizarte maila edo klase bizi izan dira historian zehar: kapitalismoan, adibidez, burgesia eta langileria; burgesia ekoizpen bideen jabea da, eta langileriak berriz ez du kapitalistari bizibidearen truke saltzen dion lan indarra baino. Langileak ordea egunero bizitzeko behar duena (kapitalistak ordaintzen diona alegia) baino gehiago ekoizten du, eta hala kapitalistak gainbalioa eskuratzen du. Marxismoaren arabera, beti izan da historian bi klaseren arteko borroka; alegia, betidanik izan da klaseen gatazka. Bestalde, gizartea jarrera kontrakoak dituen bi talde horietan banatua dagoelako sortzen da alienazioa, erlijiosoa, metafisikoa nahiz ekonomikoa; era berean, arabera alienazioa langileria lanaren emaitzen jabe ez delako sortzen da. v Ekoizpen moduak. Marxek dioenez gizonaren eta izadiaren arteko harreman dialektikoaren ondorioz ondasun multzo bat sortzen da, eta horren ondorioz sortzen dira gizonen arteko zein gizonaren eta izadiaren arteko erlazioak: ekoizpen moduak, talde-lana antolatzeko erak alegia. Marxek dioenez historian zehar bost ekoizpen modu izan dira: komunismo primitiboa, esklaboen lanean oinarritutakoa, feudalismoaren garaikoa eta kapitalista. Horiek dira oinarrizko errealitatea edo “azpiegitura”, eta erakunde politikoetan zein juridikoetan, filosofian, artean, erlijioan eta bestelako arloetan adierazten dena ideologia edo “gainegitura” da. v Marxismoaren helburua. Errealitatea hala ikusirik, marxismoak egoera hori hausteko dotrina politikoa proposatzen du. Marxen iritziz langileria da ekoizpen bideen jabetza lortu eta gero, klase batek beste klase baten gainean duen aginpide oro desegiteko gai den klase bakarra; hala, eta ekoizpena antolatu eta gero, ekoizpen oso hori “bakoitzaren ahalmenaren arabera, bakoitzari bere beharren arabera” banatuko litzaioke.