Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

masa

iz. Osotasun bat, bereziki tamaina handikoa, eratzen duten gauzen edo zatikien multzoa; gai solido baten edo isurkari baten kopuru aski handia. ◊ Pertsona multzo handia.  v  Fis. Gorputz batek duen materia kopurua neurtzen duen magnitudea; gorputz bati ezartzen zaion indarraren eta horri dagokion lastertasun aldaketaren arteko erlazioa, beti bat irauten duena. Materiaren ezaugarri funtsezkoena da masa. Newton-ek definitu zuen lehenbiziko aldiz masa kontzeptua materia kopurutzat. Definizio hori, ordea, gainditu da, ez baitu kontzeptuaren osotasuna adierazten. Bi masa mota definitzen dira: inertzia–masa (gorputz baten azelerazioaren eta azelerazio hori eragiten duen indarraren arteko erlazioa), eta grabitate–masa (gorputz batek jasaten duen erakarmen indarraren eta grabitatearen azelerazioaren arteko erlazioa). Bi masa horiek proportzionalak dira, eta neurri banakoak ondo aukeratuz gero, batera bil daitezke, erlatibitatearen teoriak azaldu duenez. Teoria horrek dioenez, bestalde, gorputz baten masa handitu egiten da bere lastertasuna argiarenera hurbildu ahala (ik. erlatibo), eta energia eta masa baliokideak dira, ekuazio honen arabera: E=mc2; non E energia den; m, masa; eta c, argiak espazio hutsean duen lastertasuna. Masa banakoa gramoa da (g sinboloaz adierazten dena. ik. gramo).  v  Masa kritikoa. Nukleo fisioaren erreakzioa katean gauzatu ahal izan dadin bildu behar den gai fisionagarri baten gutxieneko masa.  v  Masa zenbakia. Atomo nukleo batean dauden neutroien eta protoien kopurua adierazten duena (ik. atomo). Kontzeptu hau ez da nahastu behar atomo zenbakiarekin, azken honek protoien kopurua adierazten baitu soilik.  v  Masa espektrometria. Gaiak edo nahasturak aztertzeko sistema, ioien bereizketa elektromagnetikoa erabiltzen duena. ik. espektrografo, espektrometro.  v  Masa desberdintasuna. Atomo nukleo baten eta nukleo hori osatzen duten protoien eta neutroien masa batuketaren arteko aldea. Txikixeagoa da atomo nukleo baten masa bere osagarrien masen batuketa baino. Desberdintasun hau Einstein-en ekuazioan (E=mc2) oinarritzen da, energia askatzen baita atomo nukleo baten osagarriak fisioaren bidez elkarrengandik bereiztean.  v  Masen jardueraren legea. Tenperatura egonkorra denean, zenbat eta handiagoa izan kimika erreakzio batean parte hartzen duten gaien kontzentrazioa, lasterrago gauzatuko da erreakzioa.  v  Masa zentroa. Mek. Gorputz batean edo gorputz sistema batean, berori osatzen duen masa guztia bateraturik balego eta kanpotiko indar guztiak bertan eragingo balute bezala jokatzen duen puntua.