Martín Díez, Juan
(El Empecinado, «setatia» deitua). Espainiar gerrillaria (Castrillo de Duero, Valladolid, 1775 - Roa, Burgos, 1825). Laboraria zen eta frantses indarren aurkako lehen gerrilla talde garrantzitsua antolatu zuen Espainian 1808an. Cuenca eta Guadalajara aldean borrokatu zen batez ere eta arrakasta handia izan zuen lehen urteetan. 1812ko otsailean galera handiak eragin zizkioten frantsesek haren taldeari Siguenza hiritik hurbil, baina taldea berriro osatu eta Guadalajarako hiria hartu zuen urte berean. Goi mailako karguak eman zizkioten Espainiako armadan gerra ondoren eta 1820an Riego liberalaren matxinadan parte hartu zuen. Ondoko hiru urteetan politika kargu batzuk izan zituen gobernu liberalean, eta absolutistek preso hartu zuten 1823an. Bi urtez preso eduki ondoren, heriotza zigorra ezarri zion auzitegi batek; urkabera zeramatela esku loturak hautsi zituen eta baioneta zaztadez hil behar izan zuten.