Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Marseilla

Frantziako hego-ekialdeko hiria, Bouches-du-Rhône departamenduko hiriburua, Mediterraneora zabaltzen den badia zabalaren hondoan. Frantziako bigarren hiria, 900.000 biztanle inguru. Iraganeko monumentu gutxi gorde du: Saint-Ferréol eliza (XV. mendea); Saint-Nicolas eta Saint-Jean gotorlekuak (XV.-XVII. mendeak); Saint-Victor eliza (XII.-XIII mendeko zatiak); Notre-Dame-de-la-Garde basilika eta La Major katedrala (XIX. mendea), erromatar-bizantziar estiloan eginak biak. Merkataritza jarduera La Canebière etorbidearen inguruan moldatzen da. Museoak. Unibertsitatea.  v  Ekonomia. Marseilla frantses estatuko ekonomiagune nagusietarikoa da, eta Frantziako merkataritza portuetan garrantzitsuena. Inportazioak esportazioak baino askoz gehiago dira, eta haien artean hidrokarburoek sail garrantzitsuena osatzen dute (sartu-irten osoaren bi heren inguru). Bestalde, bidaiari portuen artean munduko lehenetarikoa da. Industriak ere garrantzi handia du: petrolio findegiak; ontziolak; mekanika industriak, elektrizitate industriak, kimika industriak; oihalgintza; elikadura industriak; larrugintza, etab. Marignane-ko aireportua Frantziako hirugarrena da.  v  Historia. Foziako greziarrek sortu zuten (K.a. 600 inguru) Massalia izenez. Mendebalaren eta Greziaren arteko komunikabideen ardatz izan zen. K.a. 49an Ponpeioren alde jarria zen hiria beretu zuen Zesarrek. Gurutzaden garaian, Genovarekin lehian, garrantzia hartu zuen berriro. 1481ean Frantziako erresumaren barne sartu zen Probentza osoarekin batera. 1720ko izurriteak gogor jo zuen (75.000 biztanleetatik 40.000 hil ziren). Frantziako Iraultzaren ondotik eta, batez ere, 1840tik aurrera hazkunde handia izan zuen Afrika eta Asiarekiko merkataritzari esker (Suezko ubidea, 1869an irekia). Bigarren Mundu Gerran nazien aurkako erresistentziagune garrantzitsua izan zen eta 1943an alemaniarrek hiriko parterik zaharrena suntsitu zuten (Vieux-port-eko iparraldea).