Marshall, Garry
Estatubatuar zinema zuzendaria (New York, 1934). Telebistan hasi zen lanean, telebista sailetarako gidoiak idazten eta produzitzen (Laverne eta Shirley, Happy Days, The Odd Couple), baina jazz musikagile, kazetari eta umorezko gag idazle ere izan zen (Emmy sari bat irabazi zuen Dick van Dyken show-rako egindako lanarekin). Marshallek produzitutako lanen artean azpimarratzekoak ditu How Sweet It Is (1968) eta The Grasshopper (1970), baina zinema zuzendari gisa da batez ere ezaguna. Lehenengo filma 1982an zuzendu zuen: Young Doctors in Love (Sendagile gazte maiteminduak) erietxe batean gertatzen den komedia eroa. Marshallen hurrengo lana The Flamingo Kid (1984) izan zen, Matt Dillon protagonista duen filma. Nothing in Common (1986, Zerikusirik ez) aurkeztu zuenean, nabarmen ikusi zen komedia erromantikoa izango zela bere filmografian pisu gehien izango zuen generoa. Horrela, 1990ean plazaratu zuen hamarraldi hartako filmik arrakastatasuenetako bat izan zena, Pretty Woman, Julia Roberts eta Richard Gere dituena protagonista (Juliar Roberts antzezle onenaren Oscar sarirako izendatu zuten). Marshallek, film horrek eman zion ospea ikusirik, eskema berari jarraituz osatu zuen bere hurrengo filma, Frankie and Johnny, 1987. urtean Kathy Bates eta F. Murray Abrahamek antzezturiko Frankie and Johnny in the Clair de Lune (Terrence McNally) obran oinarritua, zineman Al Pacino eta Michelle Pfeiffer antzezleek interpretatua. Garry Marshallen filmografiaren ezaugarri nagusietako bat bere filmetako elkarrizketa landuak dira. Bestalde, oro har, nahiago du antzezleen intimitatea eta ez kanpoko irudi ikusgarri eta garestiekin egindako filmak, eta horrela erakutsi du bere lanetan, azken urteetakoetan batez ere.