Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Marshall

(Izen ofiziala, Marshall Uharteetako Errepublika; Ing., Marshall Islands). Ozeaniako estatua eta uhartedia, Ozeano Barearen mendebaldean, Mikronesian. 181 km2 eta 61.963 biztanle (2005eko estimazioa, marshalldarrak). Hiriburua: Uliga, Majuro atoloian (25.000 biztanle, 2004). Etnia nagusiak: marshalldarrak, % 97; beste uharte batzuetakoak, % 2. Erlijioa: protestanteak % 93,7. Hizkuntza ofizialak: marshallera eta ingelesa. Dirua: dolarra. ■ Biztanleak. Marshall Uharteetako biztanle gehienak Mikronesiakoak bertakoak dira. Biztanle kopuruaren hazkundea oso bizkorra izan da azken urteotan eta horrek arazoak sortu ditu zenbait atoloitako horniduretan. Dena dela, Majuro eta Ebeye hirietan bizi dira biztanleen bi heren inguru. Uharte askotan ez da ia inor bizi, ez dagoelako lanerako aukerarik eta ekonomia garapenik, eta bizimodu tradizionala dute. Bizi itxaropena 65,5 urtekoa da batez beste. ■ Ekonomia. Marshall Uharteetako ekonomia kanpoko diru laguntzen mende dago erabat, batez ere Estatu Batuetako gobernuaren laguntzen mende. Nekazaritzako jarduerak etxalde txikietan egiten dira, eta tomatea, meloia eta ogi-zuhaitza dira gai nagusiak; gai horiek bertako beharrak asetzeko erabiltzen dira, eta esportaziorako gai nagusi eta bakarretakoa kopra da (kokoaren mamia). Industria nahiko atzeratua da; eskulanak, arrantzari loturiko industriak eta kopraren lanketa dira industriaren alorreko jarduera aipagarrienak. Marshallen ez dago baliabide natural askorik, fosfatoak dira mea baliabide aipagarri bakarrak. Turismoa ikusi izan da garai batean etorkizunerako apustu moduan, baina beherakada nabarmena izan du azken urteotan. Bestalde, esportatzen dena baino askoz ere gehiago inportatzen da.  v  Historia. 1526. urtean Espainiako itsasketariak iritsi ziren uharteetara. 1788an J. Marshall britainiar kapitainak uharteak esploratu eta bere izena jarri zien. Ondoren Alemaniaren eta, Lehen Mundu Gerraz geroztik, Japoniaren mende egon zen, harik eta Bigarren Mundu Gerran Estatu Batuek uharteak hartu zituzten arte. 1979an autonomia politikoa erdietsi zuten eta konstituzioa onartu zuten, baina 1983an elkartasun askeko hitzarmen bat sinatu zuten Estatu Batuekin, zeinaren arabera Estatu Batuek beren gain hartzen baitzuten Marshall Uharteen segurtasuna, defentsa eta kanpo gaien ardura; aldi berean, Estatu Batuek Marshalleko base militarrak beste 15 urtez mantentzea onartzen zen, uharteei urteko 30 milioi dolarreko laguntza emanez horren truke. 1986an sartu zen indarrean hitzarmen hura, eta hitzarmena indarrean sartzearekin batera Nazio Batuen segurtasun kontseiluak Estatu Batuen kontrolpetik at utzi zituen uharteak. Errepublika ezarri zen eta 1991. urtean, azkenik, Nazio Batuetan estatu burujabe gisa onartu zuten. 1979az gero Amata Kabua egon zen agintean, eta 1995eko hauteskundeetan lehendakari karguan berretsi zuten, baina 1996an hil egin zen. 1997an legebiltzarrak (Nitijela) haren lehengusu bat hautatu zuen haren ondorengo, Imata Kabua hain zuzen ere. 2008an Alderdi Demokratiko Batuko Litokwa Tomeing izendatu zuten lehendakari.
http://www.rmigovernment.org/