Marsalis, Wynton
Estatu Batuetako musika klasikoko eta jazz musikako tronpeta-jotzailea (New Orleans, 1961). Gaztetatik erakutsi zuen jazzerako zaletasuna, aitaren eraginez batez ere, jazzeko irakaslea baitzuen. 12 urte zituela hasi zen tronpeta jotzen, eta ikasketak osatu ondoren, 20 urterekin, birak egin zituen Jazz Messengers eta VSOP taldeekin. 1981ean Wynton Marsalis lehen diskoa grabatu zuen, eta handik bi urtera kaleratu zuen Trumpet Concertos, musika klasikoko debuta. 1984. urtean kategoria klasikoko eta jazzeko Grammy sariak irabazi zituen (bera izan zen hori lortzen lehena). Marsalisen kontzertuei eta grabazioei esker itzal handia lortu du jazzak, eta musika klasikoaren ospea irabazi du. Aurrez aipatutakoez gainera, azpimarratzekoak ditu Majesty of the Blues (1989) eta Soul Gestures in Southern Blue (1991) trilogia, New Orleanseko erroetarako itzulera agertzen dutenak, nahiz eta estilo modernoa izan. 1993an City Movement ballet modernorako musika idatzi zuen. Izan ere, 1980ko hamarraldian, jazzean buru-belarri lan egin ondoren, musika klasikoaren alorrean murgildu zen, eta 1993an Kathleen Battle sopranoarekin emanaldiak eskaini zituen. 1997an musikako Pulitzer saria irabazi duen lehenengo jazz musikagilea bihurtu zen, Blood on the Fields diskoarekin.