Markowitz, Harry Max
Estatubatuar ekonomista (Chicago, 1927). Chicagoko Unibertsitatean eskuratu zuen doktoregoa, 1954an. Ikerketa lanak egin zituen hainbat enpresatan, adibidez Rand Corporation (1952-1960 eta 1961-1963), Consolidated Analysis Centers (1963-1968) eta Arbitrage Management Company (1969-1972) etxeetan, eta irakasle jardun du Estatu Batuetako zenbait unibertsitatetan, New Yorkeko Unibertsitateko Baruch Collegen besteak beste. 1960ko hamarraldian Simscript izeneko programazio hizkuntza bat asmatu zuen, problema ekonomikoak konputagailuz lastertasun handiz simulatzeko, eta bere ikerlanak ziurgabetasunezko baldintzetan negozioetan erabakiak hartzeko konputagailu bidezko teknika matematikoetan aplikatu dira. Markowitz finantza ekonomia modernoaren aitzidaritzat hartua da, eta kartera inbertsioen teoria osatu zuen, inbertsioei buruzko argibideak emanez. Teoria horretan Markowitzek, arriskuaren eta errentagarritasunaren ideietan oinarriturik, dirua inbertitzeko erarik egokiena zein den azaltzen du. Egilearen ustez, arrisku maila onuragarriagoa lortzen da arrisku eta errentagarritasun maila desberdineko inbertsioak eginez, hau da, egokiagoa da finantza aktibo bat baino gehiagotan inbertitzea, bakar batean inbertitzea baino. 1990ean Ekonomiako Nobel saria irabazi zuen, Merton Miller eta William Sharpe amerikar ekonomistekin batera, finantza ekonomian egindako lanengatik.