Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mann, Heinrich

Alemaniar idazlea, Thomas Mannen anaia nagusia (Lübeck, 1871 - Santa Monica, 1950). Burgesiako familia aberats batean jaio zen. Urte asko bizi izan zen Italian, eta horrek eragin handia izan zuen bere lanetan. Lehen Mundu Gerraren garaian bere anaiarengandik aldendu zen, Heinrichek sozialismo demokratikoaren aldeko jarrera azaldu zuelako, eta anaiak, berriz, nazionalismoaren aldekoa. Ondoren, Weimar errepublikaren alde agertu zen. Nazismoa sortu zenean, Heinrich Mannek, Berlineko Prusiar Akademiako lehendakari zenez, eman zuen hitzaldi baten ondorioz kanporatu egin zuten. Hitler-ek aginpidea lortu zuenean Mann familia osoaren kontra jo zuten naziek, eta horren ondorioz elkartu egin ziren berriro bi anaiak. Heinrich Txekoslovakiara erbesteratu zen, ondoren Frantziara eta Estatu Batuetara azkenik, eta han hil zen. Erbestean zegoela ere, Alemaniaren demokraziaren alde borrokatu zen. Bere idazlanetako estiloa naturalismotik sortzen da, baina elementu espresionistak ere baditu. Lanik azpimagarrienak: Im Schalaraffenland (1900, Jaujako herrialdean), Die Göttinnen oder die drei romane der Herzogin von Assy (192-1903, Jainkosak edo Assy-ko dukesaren hiru eleberriak), Professor Unrat (1905, Unrat irakaslea), 1930ean egin zen Aingeru urdina filmaren oinarri; Die kleine Stadt (1910, Hiri txikia); Bestalde, bi historia eleberri idatzi zituen Henrike IV.a Frantziako erregeari buruz.