Manley, Michael
Jamaikar politikari, ekonomista eta kazetaria (Kingston, 1923 - Kingston, 1997). Norman W. Manley, Herriko Alderdi Nazionalaren (PNP) sortzaile eta Lehen Ministro izandakoaren semea zen. Lehenik kazetari gisa nabarmendu zen, baina PNP alderdiaren Langileen Batasun Nazionala sindikatuan murgildu zen ondoren, eta 1962an senatari izendatu zuten. Handik bost urtera Ordezkarien Ganberarako hautatu zuten, eta 1969an bere alderdiko buru egin zuten. 1972an Lehen Ministro kargua eskuratu zuen; kargu horretan iraun zuen garaian joera sozialistako programa finkatu zuen eta Jamaika-Kuba arteko harremanak sendotzen ahalegindu zen, Estatu Batuak kontra agertu ziren arren. Manleyk egindako lanari esker, Jamaikak indarra hartu zuen bertako bauxita meategien gaineko interesa areagotu zelako, baina ekonomia oso egoera kaskarrean zegoen eta langabezia oso handia zen, eta ez zuenez aurrerapen handirik lortu babesa galduz joan zen. 1980ko hauteskundeetan (istilu gogorrak izan ziren hauteskunde haietan) bere kargutik kendu zuten, baina 1989an berriro iritsi zen agitera, PNP bere alderdiak gehiengoa lortu zuelarik Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Azkenik, osasun arazoak zirela eta, 1992an bertan behera utzi behar izan zuen bere kargua.