Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mancini, Henry

Estatu Batuetako musikagilea (Cleveland, Ohio, 1924 - Kalifornia, 1994). Italiar emigranteen semea zen, eta aitak banda batean jotzen zuelako piztu zitzaion musikarako zaletasuna. Flauta eta pianoa ikasi zuen eta ondoren orkestrazioa. Bigarren Mundu Gerrak eten zituen bere ikasketak, baina gerra ondoren Glenn Miller Orkestran hasi zen lanean. 1947an Kaliforniara aldatu zen eta han hasi zen irrati saioetarako musika idazten. 1952an, Universal estudioek kontratatu zuten soinu bandak idazteko, eta harrezkero ospe handiko musikagile bihurtu zen, bai zinemako bai telebistako lanei esker. Hurrengo sei urteetan ehun filmetik gora egin zituen, The Glenn Miller Story (1953), The Benny Goodman Story (1956), Touch Of Evil (1958), besteak beste. Universaleko kontratua amaitu ondoren, Peter Gunn telesaileko musika idatzi zuen, eta disko harengatik eman zioten bere lehenengo Grammy saria. Saritua izan zen, orobat, bere hurrengo lana, Mr. Lucky (1960) eta harrezkero hainbat sailetarako musika egin du: Remington Steele, Newheart, The Thornbirds. Lau Oscar sari irabazi zituen, lehenengo biak 1961ean Breakfast at Tiffany's soinu bandagatik eta film horretako "Moon River" kantuagatik; Days of Wine and Rosesekin hurrengoa (1962) eta Victor/Victoria filmarekin azkena (1982). Pieza aipagarriak dira, orobat, Hatariko (1962) "Baby Elephant Walk" eta The Pink Panther (1964) saileko musika.