Magreb Arabiarraren Batasuna
Afrika iparraldeko Magreb lurraldeko zenbait estatu biltzen dituen erakunde politikoa. 1989an sortu zuten, lurralde hartako egoera ekonomiko, politiko, militar, kultural eta soziala sustatzeko, eta etorkizunean Ipar Afrikako merkatu komun bat sortzeko. Estatu sortzaile eta kideak Aljeria, Libia, Maroko, Mauritania eta Tunisia dira. Erakundearen egoitza Tunisiako hiriburuan, Tunisen, dago. Erakundearen organorik gorena Presidentzia Kontseilua da; bost herrialde kideetako buruzagiek osatzen dute, eta bi urtetik behin biltzen dira. Presidentzia Kontseiluaren bilerak prestatzea, Atzerri Ministroen Kontseiluaren betebeharretako bat da. Aholkularitza talde bat ere sortu dute, Aholkularitzarako Kontseilua, herrialde bakoitzeko hamarna ordezkariz osatua. Administrazio lanak Idazkaritza Nagusiaren esku daude. Justizia Auzitegi bat ere bada, herrialde bakoitzeko bina epailez osatua. Erakundearen Presidentzia txandakakoa da. Magreb lurraldeko arazo politiko eta ekonomikoak direla-eta, sorrerako helburuak betetzeko zailtasunak sortu dira. 1994 arte onartuta zeuden egitasmo batzuk: merkataritza librerako eremu baten sorrera, garraiobideen hobekuntzak, airelinea komunak sortzea, mugen batasun baten sorrera eta kanpo merkataritzarako eta inbertsiotarako Magrebeko banku bat osatzea. Lorpen nagusiak izan dira batetik, inbertsiotako magrebiar banku baten sorrera, eta bestetik, Europar Batasunarekiko itun bat, etorkizunean (behin herrialde kideen artean merkataritza eta diru batasuna lortutakoan) negoziaziotan hasteko. Hori lortzeko, ordea, lehendabizi lurralde hartako zenbait arazo konpondu beharko dituzte, Sahara mendebaldekoa eta Aljeriako gerra zibila esate baterako.
- Magnus, Heinrich Gustav
- Magnus
- Magnusdóttir, Pórunn Elfa
- mago
- Magon
- Magreb Arabiarraren Batasuna
- Magreb
- Magritte, René
- Maguma
- magurio
- magyar