Magnus
Norvegia eta Danimarkako zenbait erregeren izena. v Magnus I.a Zintzoa. Norvegiako eta Danimarkako erregea (1024 - 1047). 1035etik 1047 arte izan zen Norvegiako errege, eta 1042-1047 bitarteko urteetan Danimarkakoa. Hardeknut hil zenean (1042) bi estatuen arteko batasuna lortu zuen. Eslaviarren kontra borrokatu zen. v Magnus III.a Oinutsa. Norvegiako erregea (1073 - 1103). 1093tik 1103 arte izan zen errege. Norvegiako erresuma lurralde berrien jabe egin zuen, eta Hebrida eta Man uharteak bereganatu zituen (1102). Hurrengo urtean Irlanda konkistatu nahi izan zuen, baina borrokan hil zuten. v Magnus VI.a Legegilea. Norvegiako erregea (1238 - 1280). 1263-1280 bitarteko urteetan izan zen errege. Aginpidean izan zen garaian Norvegiako erresuma osorako lege arautegia eman zuen (1274-76). v Magnus VI.a (VII) Eriksson. Norvegiako eta Suediako erregea (1316 - 1374). 1319-1343 bitarteko urteetan izan zen Norvegiako errege, eta 1319tik 1362 arte Suediakoa. Norvegiako Haakon V.aren iloba eta Suediako Erik-en semea zen. Suedia eta Norvegiako erresumak bat egin zituen, bietako oinordeko baitzen. Batasun horrek ez zuen askorik iraun, aiton semeek beharturik bere seme Haakon VI.ari utzi behar izan baitzion Norvegiako erregetza (1343); Suediako lurralde gehienak bere seme Erik-en esku utzi behar izan zituen matxinada baten ondorioz. 1363-1371 bitartean preso eduki zuten. Folkungar dinastiako azkeneko erregea izan zen.