Magritte, René
Belgikar margolaria (Lessen, 1898 - Brusela, 1967). Surrealismoak izan duen margolari ezagunenetakoa. Magritten hasierako lanetan kubismoaren eta fauvismoaren eragina nabarmena bazen ere, 1925. urtetik aurrera surrealismo aldera egin zuen, De Chirico italiar margolaria izan baitzuen eragile. 1940. urte aldera neoinpresionismo-aren teknikak landu zituen, irudikatze mota zehatza eta erabat arrunta erabili zuen, sarritan garai batean lanbidetzat zuen paper pintatuen diseinua gogorarazten duena. Etengabe eta are lekuz kanpo ere errepikatzen dira Magritteren obran zehar ezaugarri diren zenbait irudi: airean egoten diren arkaitz handiak, oinetako behaztunak zein trajez eta kapeluaz jantziriko gizonak. Gauzaki errealez eta irudimenezkoez osaturiko koadroak margotu zituen; haren irudimen aberatsagatik zein efektuak erabiltzerako erraztasunagatik, eta halaber koadroetan erakusten zuen umoreagatik ere, surrealismoak izan duen pintore naturalen eta oparoentzat hartzen da Magritte. Haren obren artean aipagarri dira: Golconda (1953), Pirinoetako gaztelua (1959), eta Argien inperioa (195?) besteak beste.