Magreb
edo Mogreb. (Afrika Txikia ere deitua). Afrikako iparraldeko lurralde menditsua, Ozeano Atlantikoaren eta Mediterraneo itsasoaren eta Saharako basamortuaren artean dagoena. Maroko, Argelia, Tunisia eta Libiako zatiak hartzen dituen arren, Afrikako gainerako lurraldeaz bereizten duen batasun geografikoa eta kulturazkoa du Magrebek. Geografiari dagokionez, Atlas mendiak dira lurraldearen bizkarrezurra. Klima Mediterraneo aldekoa du, iparraldean Atlantikoaren eragina eta hegoaldean basamortuarena duena. Landaretza, bertako klimari egokitua, asko urritu da gizakiaren mendeetako jarduerak hondatua. Magrebeko jatorrizko biztanleak berberiarrak dira, lanbidez nekazariak (olibondoa, mahatsondoa, laboreak, fruituak, barazkiak) eta aberezain nomadak (ardia, ahuntza, gamelua); gaur egun, berberiarrez gainera arabiarrak ere bizi dira. Islam erlijioak kultura batasun handia ematen dio lurraldeari. Magreb zibilizazio askoren bizileku izan da historian zehar: kartagotar, erromatar, vandalo, bizantziar, arabiar-almorabiar, benimerin, turkiar otomandar eta europarrena. Magrebeko hiri nagusiak Marokoko Marrakex, Casablanca, Rabat, Meknes, Fez eta Tanger, Argeliako Oran, Argel eta Konstantina, Tunisiako Tunisi eta Bizerta eta Libiako Tripoli dira.