Magallanes, Fernando
(Portugesez Fernão de Magalhães). Portugaldar itsasgizona (Oporto, 1490 - Mactan, 1521). Aitonen semea zen, Portugalgo gortean hezia. Gortean egin zituen geografia eta itsasketa ikasketak. 1505ean Indiarantz abiatu zen Francisco de Almeida erregeordearekin batera; han zegoenean, Diego Lopes de Sequeirak Sumatrara eta Malakara egin zuen bidaian (1509) eta Malaka konkistatu zuen Albuquerqueren bidaldian parte hartu zuen. Malakan garrantzi handiko berriak jakin zituen Antonio Abreuk eta Francisco Serrãok Moluka uharteetara egin behar zuten bidaldiari buruz. 1513an Portugalera itzuli zen. Marokoren kontrako bidaldi batean zauritua izan ondoren (1513) Manuel erregearen konfidantza galdu zuen. 1516an Oportora alde egin zuen, eta han, Rui Faleiro kosmografoaren laguntzarekin, Moluka uharteak Tordesillas-ko Hitzarmenean aipaturiko lekuan ote zeuden, eta hara mendebaletik irits zitekeen aztertu zuen. 1517an Sevillara heldu, eta Karlos V.arekin hitzarmen bat izenpetu zuen Moluka uharteetara mendebaletik, espainiarren eskuetan zeuden itsasoak zeharkatuz, iristeko. Horretarako, Hego Amerikako hegoaldeko ertzean itsasarte bat aurkitzeko itxaropena zuen Magallanesek. Trinidad (Magallanesen agindupean zegoen itsasontzi kapitaina), Concepcion (J. S. Elkano euskalduna zen itsasontzi horretako kontramaisua), San Antonio, Victoria eta Santiago itsasontziekin irten zen Sevillatik 1519ko abuztuaren 10ean; Sanlucar, Tenerife, Rio de Janeiro eta Plata ibaiaren estuaria igaro ondoren San Juliango portura heldu zen; han igaro zuen 1520ko negua, eta harremanak hasi zituen hango biztanleekin (patagoniarrekin). Kostalde horretan galdu zen Santiago ontzia. Hegoalderantz jarraitu zuen, eta, urriaren 21etik azaroaren 28a bitartean Hegoaldeko itsasora zeraman itsasarte luzea igaro zuen. Hiru ontzirekin (San Antonio izenekoak ihes egin zuen) 98 egunetan ozeanoa igaro eta Lapurren uharteetaraino heldu zen, haize leunen laguntzarekin (hortik datorkio Ozeano Bareari Magallanesek berak jarritako izena). Oso gogorra izan zen bidaia, ur eta janari urritasunagatik eta eskorbutoagatik, batez ere. Martxoaren 16an Samar uhartera heldu ziren, Filipinetara. Magallanesek San Lazaro izena jarri zion uharte horri. Cebú izeneko uhartean ongi etorri beroa eskaini zion bertako erregeak (1521eko apirilaren 7an). Errege horri beste baten kontra laguntzen ari zela 1521eko apirilean hil zen Magallanes. Bizirik iraun zutenek Concepción itsasontzia erre eta espeziaz bete zituzten Trinidad eta Victoria. Trinidad ontzia urpera joan zen eta Victoria ontzia, Elkanoren agindupean, 1522an heldu zen Sevillara, 18 gizonekin, munduari itzulia eman zioten aurrenekoekin, alegia.