Madras
Indiako hego-ekialdeko hiria, Bengalako golkoaren ondoan. Tamil Nadu estatuko hiriburua; 3.277.000 biztanle. Hiria San Jorge gotorlekuaren inguruetan eraiki zuten ingelesek 1639. urtean, Madraspatam herrian gotorleku hori sortu zutenean, eta kostaldean hedatu da geroztik. Merkataritza, industria eta kulturagunea. Industriaren barruan mekanika industria (bizikletak), ehungintza, kimika, zementua, aluminioa, larrugintza eta olio industria dira alor nagusiak. Itsas portua ere oso garrantzizkoa da (13.450.000 tm 1979an). Aireko, ureko eta lurreko komunikabidegunea da. Unibertsitatea, 1857an sortua. v Historia. Ingelesek sortu zuten 1639an, Indietako Ingeles Konpainiaren egoitza izan zedin. 1746an frantsesek konkistatu zuten. Ingelesak berriro jabetu ziren hiriaz Aachen-go Bakearen bidez, 1748an, eta haien eskuetan egon zen Indiatik alde egin zuten arte.