Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Madonna

(Jaiotza izena, Madonna Louise Veronica Ciccone). Estatubatuar pop kantaria eta antzezlea (Bay City, Michigan, 1958). Gaztetan New York-era joan zen bizitzera, han talde bat osatu zuen eta abestiak egiten hasi zen. Lehenengo diskotik hiru disko txiki atera ziren, eta 1984an pop musikako zerrendetako lehen postuetara iritsi ziren. MTV Music Television katean erakutsi zituen musika bideoak garrantzizko osagai izan ziren bere musikak nazioartean izan zuen arrakastarako. Lan horren ondoren beste disko batzuk eta birak egin zituen, Blonde Ambition Tour bira esate baterako eta The Immaculate Collection diskoa. 1992an Madonnak kontratu bat izenpetu zuen Time Warner Inc.-ekin bere disko eta publizitate konpainia osatzeko. Urte horretan bertan Sex argitaratu zen, argazki bilduma ausarta, Erotica diskoarekin batera. Zineman egin dituen lanak hauek dira: Susanen bila etsi-etsian (1985), Shanghai Surprise (1987), Nor da neska hori? (1987), Dick Tracy (1990), Itzalak eta lainoa (1992) eta Delituaren gorputza (1992). 1996an Eva Duarte de Perónen papera egin zuen Alan Parker-ek zuzendutako Evita filmean, eta lan horri esker Urrezko Globoa irabazi zuen.