Madinabeitia Órtiz de Zárate, José de
Gipuzkoar mediku eta politikari sozialista, Juan Madinabeitiaren anaia (Oñati, 1870 - Bilbo, 1923). Bilbon mediku zela, mende bukaeran politikan hasi zen. Sozialista izateagatik bezero kontserbadoreek alde egin zioten Bilbon zuen kontsultatik, eta orduan txiro eta behartsuenei zabaldu zizkien ateak. Kontsulta bat zabaldu zuen ondoren Eibarren; han gaixoei dohain laguntzen zien. Bizkaiko meatzarien greba luzearen garaian, haien seme-alabez arduratu zen beste batzuekin batera eta 200 bat haur jaso zituen Eibarrera. Eusko Ikaskuntza elkartearen sortzaileetakoa izan zen 1918. urtean. Bost urte geroago hil zen Bilbon.