Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Macau

Txinako eskualde administratibo bereizetako bat, 1999ko abendua arte Portugalen mende egon zena. Txinaren hego-mendebaldeko itsasaldean dago, Perla ibaiaren bokalean. 16 km2 eta 399.000 bizt. (txinatarrak gehienak). Hirib. Macau. Merkataritza libreko portua izan da 1848az gero. Turismoa, arrantza eta ehungintza.  v  Historia. Portugaldarrak 1513an iritsi eta finkatu ziren Macau-n, eta lurraldea Ekialde Urruneko merkataritzagune nagusi bilakatu zen handik gutxira. 1848az geroztik merkataritza libreko portua da. XIX.aren erdialdean Hong Kong-eko portuak kendu zion lehentasuna, eta hara joan ziren enpresari gehienak. 1976an Portugalek lurraldearen aginpidea onartu zion Txinari, eta 1987an bi herrialdeek izenpetu zuten hitzarmen baten arabera, 1999an Txinaren eskuetan geratuko da lurraldea. 1991n, Macauko gobernadore berriak, Vasco Rocha Vieirak, txinatarren funtzionario izateko eskubidea onartu zuen eta txinera hizkuntza ofiziala deklaratu zuen, portugesarekin batera. 1993ko legebiltzarrerako hauteskundeetan, Txinaren aldeko erakundeek lortu zituzten aulki gehienak. 1993an lege berri bat onartu zen, konstituzio gisa erabili dena 1999tik aurrera, Macau Txinako Eskualde Administratibo Berezia bihurtu ondoren, bertako hautesleriak izendatutako gobernuarekin, eta 2001. urtea arte legegintzaz arduratuko den batzorde batekin. Bitarte horretan behintzat, legeak merkatu ekonomia eta kasinoak onartu ditu, Txinako zergak ezartzea debekatu, eta ez ditu aintzat hartu heriotza edota hil arteko zigorrak, Txinan indarrean daudenak. 1999ko abenduaren 20an, Macau Deng Xiaopingek sortu zituen Zona Ekonomiko Berezien barruan geratu zen.