MacArthur, Douglas
Estatu Batuetako militarra (Little Rock, 1880 - Washington, 1964). Lehen Mundu Gerran Frantzian borrokatu zen, koronel zelarik. Filipinetan egon ondoren (1928-30), jeneral izendatu zuten eta Armadako Estatu Nagusiaren buru izan zen. 1941ean Ekialde Urruneko gudarosteen komandante buru izendatu zuten. Japoniarrek Filipina uharteak inbaditu zituztenean, Manila utzi behar izan zuen (1941eko abenduan) eta Corregidoren babestu 1942a bitartean. 1943an, aliatuen osteek hego-mendebaleko Ozeano Barean (Midway, Guadalcanal) egin zuten erasoaren buru izan zen. 1944an Filipinetara heldu, eta Manilan sartu zen 1945eko otsailean. Lurreko gudaroste guztien komandante buru eta indar aliatuen agintari nagusi izendatu zuten. Berak onartu zuen 1945eko irailean Japoniaren errenditzea. Japonian bere erara agindu zuen, 1950ean Koreako gerra hasi zenean NBE-ko osteen komandante buru izateko agindua hartu zuen arte. Liskarra Txinara zabaltzeko zuen asmoa ikusirik Trumanek, Estatu Batuetako lehendakariak, aginpidea kendu zion 1951n. 1948an eta 1952an Estatu Batuetarako lehendakaritzarako hautagai izan zen, baina ez zuen arrakastarik izan.