Maazel, Lorin
Estatubatuar biolinista eta orkestra zuzendaria, jatorriz frantsesa (Neuilly-sur-Seine, 1930). Frantzian jaio zen arren, gurasoak Estatu Batuetakoak zituen. Oso gazterik hasi zen musikaren munduan lanean, eta 15 urte zituenerako Estatu Batuetako orkestra ospetsuenen zuzendari gisa nabarmendu zen. 1948an Pittsburgheko Orkestra Sinfonikoan sartu zen biolinista gisa, baina 1960an Alemaniako Bayreuth Jaialdian parte hartu zuen zuzendari moduan (bera izan zen Bayreuth-en lehen amerikarra) eta, harrezkero, munduko orkestra ospetsuenen zuzendari izan da. 1965-1975 bitartean Berlin Irratiko Orkestra Sinfonikoko zuzendaria izan zen, 1972-1982 bitartean Clevelandekoarena, eta Vienako Operakoarena (1982-1986) ondoren. 1988. urtean, berriz, Frantziako Orkestra Nazionalaren zuzendari musikal izendatu zuten (1988-1991); Pittsburgheko Orkestra Sinfonikoaren musika zuzendaria izan da 1986az gero, eta Bavaria Irratiko Orkestra Sinfonikoarena 1993. urtetik aurrera.