Lwoff, André
Frantses medikua eta biologoa (Ainay-le-Chateau, 1902 - 1994). Mikrobiologia irakaslea izan zen Sorbonako Unibertsitatean eta 1938. urtetik aurrera Pasteur Institutuko fisiologia mikrobiologikoa zerbitzuko buru. Honoris causa doktore izendatu zuten Chicago, Oxford eta Glasgow unibertsitateetan, ohorezko kide Londresko Royal Societyn, New Yorkeko Harvey elkartean eta Estatu Batuetako Kimika eta Biologia elkarteetan. 1965ean Fisiologia eta Medikuntzako Nobel saria lortu zuen, François Jacob eta Jacques Monod-ekin batera, bakterioen jarduera erregulatzaileen eta entzimen biosintesiaren inguruan egindako aurkikuntzei esker. Lwoff-ek frogatu zuen bakteriofagoak belaunaldiz belaunaldi transmititzen direla profago inaktiboen moduan.