López Cobos, Jesús
Espainiar orkestra zuzendaria (Toro, Zamora, 1940). Granadan eta Madrilen egin zituen ikasketak. Zuzendari gisa egin zuen aurkezpena Pragan eta, Besançon-eko eta New York-eko Mitroupoulos lehiaketak irabazi ondoren, Veneziako La Fenice-an hasi zen orkestra zuzendari. Zuzendaria da La Fenice-n eta 1976. urteaz geroztik baita Berlinen ere. Lehen aldiz Aix-en-Provence-n aurkeztu eta gero, mundu osoko opera antzoki hoberenetan aritu izan da: Milango La Scala-n, Parisen, Londresko Covent Garden-en. 1981. urtean Berlingo Deutsche Opera-ko zuzendari orokor izendatu zuten eta Espainiako Orkestra Nazionaleko zuzendari laguntzailea; 1984. urtetik aurrera eta zenbait urtez orkestra horretako zuzendari izan da. Fallaren Atlántida lanaren behin-betiko bertsioaren estreinaldia egin zuen, disko ugari grabatu ditu eta bere esku egon dira espainiar egileen estreinaldi asko eta asko.