López Adán, Emilio
Arabar politikari, historiagile eta idazlea, Beltza deitua (Gasteiz, 1946). Ginekologoa da. ETAko burkide izan zen 1963-1974 urteetan eta 1968ko V. biltzarrean Euskal Herriko independentziaren alde egin zuen joera libertario baten barnean. 1968an Lapurdira jo behar izan zuen eta gero Belgikara. 1973an LAIAren sorrerako biltzarrean parte hartu zuen, baina ez zen alderdi berrira igaro, proiektu harekiko adostasun maila handia azaldu zuen arren. Euskal Herriko historia modernoari buruzko obrak eman ditu argitara: El Nacionalismo Vasco (1974), El Nacionalismo Vasco y Clases Sociales (1976), El Nacionalismo Vasco en el exilio (1977), Del Carlismo al Nacionalismo Burgués (1978). Idazle gisa kontakizunak eta ipuin bildumak eskaini ditu euskaraz eta erdaraz: Euskadi 1984 (1979, narrazio-gogoetak, 1984ko Euskal Herriari buruz), Bortu Gordetan Lainope (1982) eta Zazpigarren alaba (1984) ipuin bildumak. Emilio López Adán pentsalari libertario abertzale nagusia da gaur egun eta Ipar Euskal Herriko euskararen egoeraz bereziki arduratu da azkenaldi honetan. Bere azken lana: Terrorismoa eta biolentzia iraultzailea (1998).