Lévi-Strauss, Claude
Frantses etnologoa eta soziologoa (Brusela, 1908). Frantziako zenbait eskolatan filosofia irakasle izan ondoren, Sao Pauloko unibertsitateko soziologia katedraren ardura hartu zuen 1935. urtetik aurrera. Brasilgo indiarrei buruzko azterketak egin zituen, eta Mato Grossora eta Amazoniako hegoaldera bidaiak egin ondoren zenbait lan argitaratu zituen. Estrukturalismoaren bultzatzaile nagusietakoa izan zen; Lévi-Strauss metodologia estrukturalistaren bitartez herrialdeen kultura sistemen informazio zabala laburbiltzen ahalegindu zen, beren ezaugarrien oinarrizko harremanak atzemateko. Komunikazio sistema gisa aztertu zituen kulturak, eta lanerako ereduak hizkuntzalaritza estrukturaletik, informazio teoriatik eta zibernetikatik hartu zituen. Lan nagusiak ditu, besteak beste: Les structures élémentaires de la parenté (1949, Ahaidetasunaren oinarrizko egiturak); Tristes tropiques (1955, Tropiko tristeak); Anthropologie structurale (1958, Antropologia estrukturala); La pensée sauvage (1962, Pentsaera basatia); Le totémisme aujourd’hui (1962, Totemismoa gaur egun); Mythologiques lan handia lau aletan banatua: I) Le cru et le le cuit (1964, Gordina eta egosia); II) Du miel aux cendres (1967, Eztitik errautsetara); III) L’ origine des maničres de table (1968, Mahaiko ohitura onen sorrera); IV) L’homme nu (1971, Gizon biluzia); Anthropologie structurale II (1973, Antropologia estrukturala II). 1973 urtean Frantses Akademian sartu zen, eta urte berean Erasmus saria jaso zuen.