Levinas, Emmanuel
Frantses filosofoa, lituaniarra jaiotzez (Kaunas, Lituania, 1905 - Paris, 1995). Estrasburgon egin zituen filosofia ikasketak, eta Friburgon Heidegger eta Husserl-en eskoletara joan zen. Harrezkero fenomenologia onartu eta filosofia hori Frantzian zabaltzen lagundu zuen. Israeldarren Ekialdeko Eskola Normalaren zuzendari izan zen, eta filosofia irakasle ere bai Poitiers, Paris-Nanterre eta Sorbonako unibertsitateetan. Levinasen pentsamendua zentzu erlijioso eta metafisikoez beterik dago. Aniztasunaren eta desberdintasunaren defendatzailea izanik, eztabaida etengabeak izan ditu hegeliar kutsuko totalitarismoekin. Bere lan nagusiak dira: De l’existence à l’existant (1947, Izatetik izatedunarengana); Le Temps et l’Autre (1948, Denbora eta Bestea); Totalité et Infini (1961, Osotasuna eta mugagabetasuna); Difficile Liberté. Essais sur le judaïsme (1963, Askatasun korapilatsua. Judaismoari buruzko saiakerak); Humanisme de l’autre homme (1972, Beste gizonaren humanismoa); Maurice Blanchoti buruz (1975); Etika eta mugagabetasuna (1982) eta Hors sujet (1987).