Levy, Julia
Kanadar immunologoa (Singapur, 1934). Vancouver eta Londresko unibertsitateetan ikasketak egin ostean, mikrobiologiako irakasle bilakatu zen Vancouverko Unibertsitatean. Unibertsitateko beste irakasle batzuekin batera bere botika konpainia sortu zuen, eta hainbat gaixotasun eta minbizi motaren aurkako botika eta tratamenduak ikertzen eta garatzen lan egiten du. 1986an, Johnson&Johnson konpainiak eskatuta, fotofrina izeneko gaiaren ikerketa programaz arduratu ziren, eta 1993an Kanadako gobernuak onartu egin zuen fotofrina maskuriko minbiziaren tratamenduan erabiltzea. Azaleko, biriketako, urdaileko eta umetoki lepoko minbizietarako ere erabil daiteke. Gaur egun artritisa, psoriasia eta esklerosi anizkuna bezalako gaitz autoimmuneak BPD (BenzoPorphyrin Derivative) izeneko bigarren belaunaldiko botika fotodinamikoekin tratatzeko ikerketa programa berriari ekin dio Julia Levyk.