Leonard, Sugar Ray
Estatubatuar boxeolaria (Wilmington, Ipar Carolina, 1956). Sugar Ray Robinson ospetsuaren ohorez hartu zuen Sugar goitizena. Urrezko domina erdietsi zuen welter pisuan 1976ko Montréalgo Olinpiar Jokoetan. Diru premiak boxeolari profesional egitea behartu zuen 1977an, eta 1979an WBC Munduko Boxeo Kontseiluaren welter pisuko munduko txapelketa irabazi zuen, Puerto Ricoko Wilfred Benítez mendean hartuz. 1980an Roberto Durán panamarrak kendu zion txapela, baina urte berean berreskuratu zuen ordaineko borrokaldian. 1981ean WBA Munduko Boxeo Elkartearen welter eta superarin pisuetako munduko txapelketak bereganatu zituen. 1982an, erretina askatuta, utzi egin zuen boxeoa, baina 1984an berriro itzuli eta 1987an erdi pisuko munduko txapelketa irabazi zuen Marvin Haglerren aurka. 1988an WBCaren supererdi eta superastun pisuetako munduko txapelketak bereganatu eta bost maila ezberdineko txapelketak irabazten zituen lehen boxeolaria bilakatu zen. 1997an munduko txapelketarako borrokaldia galdu eta erretiratu egin zen. Profesionaletan egin zituen borrokaldietan, 36 garaipen lortu zituen, eta 3 bakarrik galdu.
- Léon
- Leon
- Leon
- Leon
- Leonard, Elmore
- Leonard, Sugar Ray
- Leonardo da Vinci
- Leonardo Pisano
- Leonardo, Jose
- Leoncavallo, Ruggiero
- Leone, Sergio