Leonard, Elmore
Estatubatuar idazlea (New Orleans, Louisiana, 1925). Bigarren Mundu Gerran soldadutza itsas armadan egin ondoren, Detroiteko Unibertsitatean doktoregoa egin eta publizitate-agentzia batean hasi zen lanean. Lehen fikzio-lanak aldizkari arruntetan argitaratu zituen, eta 1953an The Bounty Hunters (Sari ehiztariak) lehen eleberria agertu zen. 1961ean Hombre bosgarren eleberria argitaratu ostean, publizitatea utzi eta, eleberri horretan oinarrituriko Hombre filmak (1967) izandako arrakastarekin, fikzio lanak idazten jardun ahal izan zuen. Lehenik, 1970eko hamarkaren erdian hiriko krimenei buruzko eleberrietara aldatu aurretik, filmetarako istorioak idatzi zituen: Joe Kidd (1972) eta Mr. Majestyk (1974), besteak beste. 1983an idatzitako Stick (Makila) eta LaBrava idazlanekin Leonardenganako arreta handitu bazen ere, onarpen zabalena 1985ean argitaratutako Glitz eleberriak eman zion. Bandits (1987), Get Shorty (1990, Laburtu), Maximum Bob (1991) eta ondorengo beste eleberriek arrakasta handia izan zuten eta, Glitz bezala, best-sellersak izan ziren Estatu Batuetan. Eleberri hauetako batzuekin, LaBrava eta Maximum Bob-ekin esaterako, hainbat sari bereganatu ditu bere sorterrian.