Leon
Espainiako ipar-mendebaleko probintzia, Gaztela eta Leongo autonomia erkidegoaren iparraldean. Mugak: iparraldean Oviedo, ekialdean Santander eta Palencia; mendebalean Orense eta Lugo; eta hegoaldean Valladolid eta Zamora. 15.468 km2 eta 548.721 biztanle. Hiriburua, Leon. Hiri nagusiak: Ponferrada, Villablino, San Andrés de Rabanedo eta Astorga. Herrialdearen iparraldea menditsua bada ere (Torre de Cerredo, 2.642 m.), hegoaldea eta ekialdea lauak dira, Gaztelako goi-ordokiaren iparraldeko muturra hartzen baitute eremu horiek. Hiru eskualde nagusi bereiz daitezke, beraz, Leongo herrialdean: El Bierzo ipar-mendebalean (laua, eta Sil ibaiak ureztatua), Mendialdea iparraldean eta goi-ordokia hego-ekialdean eta hegoaldean (laua eta Orbigo ibaiak ureztatua). Esla ibaiak eta honen adarrak diren Sil, Cabrera, Orbigo eta Pisuerga ibaiek ureztatzen dute Leongo herrialdea. Klima erabat kontinentala da, uda bero lehorrak eta negu hotzak dituena; 600 mm ur biltzen da urtero mendialdean eta 400 mm goi-ordokietan. Nekazaritza da ekonomia jarduera nagusia (garia, garagarra, aleak, mahatsa, lihoa, menda eta lupulua) baina abere hazkuntzak ere garrantzi handia du (behi, ardi eta zerri azienda). Garrantzitsua da, halaber, meatzaritza (burdina, antrazita, talko eta ikatz hobiak). Industrian altzairugintza eta kimika industria dira nagusi, eta Leonen eta Ponferradan dago parterik handiena. v Izen bereko herrialdeko hiriburua (Gaztela eta Leongo autonomia erkidegoa), Bernesga eta Torio ibaien (Esla ibaiaren adarrak) bilgunean, Gaztelako goi-ordokiaren ipar-mendebalean. 133.537 biztanle. Merkataritza eta industriagune garrantzitsua (ehungintza, kimika eta mekanika industria, janari industria, altzairugintza). Apezpikutegia. Bi alde bereiz daitezke nabarmen Leongo hirian, 1940tik garatu zen hiri modernoa batetik eta monumentuak eta kale estuak ageri dituena, bestetik. Aipagarri dira, besteak beste, XI-XII. mendeetako San Isidoro kolejiata erromanikoa, XIII. mendeko katedral gotiko zoragarria, San Markos monasterio errenazentista, XVI. mendeko Guzmanes jauregia (egungo diputazioa), XVI. mendeko udaletxea eta La casa de los Botines delako etxea. v Historia. Garrantzi handia izan zuen kastro erromatar (K.o. 68. urtean) baten inguruan sortu zen Leon. 717-742 eta 846 urteetan arabiarren mende egon zen baina Ordoño I.ak berreskuratu zuen 856. urtean. Almanzorrek hiria suntsitu egin zuen X. mendearen bukaeran. Alfontso V.ak forudun egin zuen (1017-1020) eta Leon berriro eraikitzen hasi ziren aldi berean. XIII eta XIV. mendeetan izan zuen oparotasun handiena baina XV eta XVI. mendeetako gerrek erabat ahuldu zuten aurreko bi mendeetan izandako hiri oparoa.